• 11
    Jan
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016ko urtarrilaren 11

5.700 metrora arte bidea muntatuta, eta 700 metro soka kota horretan bertan depositatuta; beste 1.000 metro soka beheragoko deposito batean, 5.300 metroko altueran; eta 600 metro soka gehiago 1K-n (4.800m), baita askotariko materiala eta janaria ere: halaxe daude gauzak Txikon eta ‘Sadpara’ren bi egunotako lanaren ostean (Nardik bigarren egunean bakarrik kolaboratu zuen, behatzetako arazoek Behe Kanpalekura itzultzera behartu baitzuten). 2K-ra (6.100m) iristeko 4–5 orduko lan saioa beharko dela kalkulatzen dute, eta beste egun oso bat kanpalekua muntatu eta aurrera segitzeko beharrezko guztiarekin hornitzeko.

Txikon eta ‘Sadpara’ BK-n daude uneotan, atseden hartzen; bihar batuko dira lanera berriro ere. Daniele Nardi, Adam Bielecki eta Jacek Czech, bestalde, gaur igo dira 1Kra ordezkoa hartzera. Nazioarteko kordadak eta bikote poloniarrak, beraz, indarrak batuko dituzte aurrerantzean, eta elkarrekin ariko dira Kinshofer bidetik Nanga Parbat (8.126m) tontorreraino heltzeko erronka honetan.

Iragan larunbatean –urtarrilak 9– Txikon eta ‘Sadpara’ goizeko 7:00tan abiatu ziren Behe Kanpalekutik (4.200m) ongi kargatuta; bi orduren buruan 1Kn ziren, eta, motxilak are gehiago beteta, goranzko bidean jarraitu zuten sokak eta bestelako material teknikoa 5.300m-ra arte porteatuz. Bidea 5.400m arte finkatu ahal izan zuten gainera. Egun hartan, Nardik beranduago ekin zion lanari eta arratsaldeko lehen orduetan itzuli behar izan zuen Behe Kanpalekura behatz lodietan arazoak zituelako.

Urtarrilak 10: Txikon eta ‘Sadpara’ goizeko 8:00tan hasi ziren 1K-tik, 5.300 metroko depositoan utzitakoa bizkar gainean hartu eta eskalatzen jarraitu zuten 5.500 metrora arte. Puntu honetatik aurrera, 5.700m-ra heldu ahal izateko, Adam Bielecki eta Jacek Czech poloniarrek aldez aurretik finkatutako 200 metro soka baliatu zituzten.

Gauzak horrela, Alex Txikon buru duen nazioarteko kordadak eta Bielecki & Czech bikote poloniarrak indarrak batuko dituzte aurrerantzean amets beraren bila: ‘Mendi Hiltzailea’ delakoaren gailurreraino iritsi nahi dute urteko urtarorik hotzenean.

Txikon eta ‘Sadpara’ BKn atseden hartzen dira uneotan, eta bihar ekingo diote goranzko bideari berriro ere. Nardik, Bieleckik eta Czech-ek 1Kn igaroko dute gaua eta bihar hartu diete txanda..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK