• 2
    Jan
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016ko Urtarrilaren 2a
Lehenengo lan saioa Nanga Parbaten –emankorra gainera!– Alex Txikonek, Daniele Nardik eta Ali ‘Sadpara’k osatutako taldearentzat. Behe Kanpalekura (4.200m) iritsi eta bi egunera, bertan guztia atondu ostean, hiru alpinistek aurreneko zama-lanari ekin diote gaurkoan, eta hala, aurtengo neguan euren altuerako 1go Kanpalekua (1K, 4.850m) izango den horretara heldu dira.

Iazko eskarmentutik sobera ikasita, jakin bazekiten glaziareranzko zeharkaldian eta gorago ere elur sakona izango zutela, eta hortaz, elur-erraketak eta lerak baliatu dituzte material guztia atoan eramanda lana errazteko. Nanga Parbati begira diharduen beste espedizioetako batek urratsa zabaldua zuen morrenaraino (4.450m), baina ez harago, eta ondorioz, lan ordu gogorrak izan dira sokalagunentzat.

Lehenengo malda hauek ez bezala (haizeak altsatako elurra pilatzen da behekalde honetan), Nanga Parbaten horma garai eta tenteenak iaz baino askoz biluziago eta izoztuago ageri dira aurten; estrategia ezartzerakoan kontuan hartu beharreko faktorea, dudarik gabe.

Behe Kanpalekuranzko beherako bideari ekin aurretik, horrenbestez, 70kg material depositatu dituzte 4.850 metroko garaieran. Egun zoragarria izan da, eguraldia lagun, nahiz eta data hauetan bi ordu eta erdiz baino ez dugun ikusten eguzkia. Goizeko 9:00ak ziren Behe Kanpalekutik abiatu direnean, eta arratsaldeko 18:00tan heldu dira berriro ere, gauez. Bihar atseden eguna, eta etzirako elur-ekaitza espero dugu, hortaz… egunez egun ikusi behar..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK