• 26
    Dec
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Islamabad)

Ali Muhammad ‘Saltoro’ (Saltoro, 1975) konfiantzazko kontaktua eta adiskidea dugu Islamabaden. 1999az geroztik APC-ko (Alpine Club of Pakistan) kidea da, Baltistango Mendi Federazioan ere badabil eta baita Pakistango Turismo Agentzien Elkartean ere. Badira 20 urte baino gehiago freelance gida gisa diharduela Pakistanera mendi nahiz abentura bila datozenentzat, eta 2013an bere agentzia jarri zuen martxan: Alpine Adventure Guide.

Hain justu 2013ko neguan, ekainaren 23ko sarraskiaren ostean –11 mendizale atzerritar hil zituzten tiroz Nanga Parbateko behe kanpalekuan– inork hona etorri nahi ez zuenean eta Pakistango agintariak beraiek ere baimenak ematera ausartzen ez zirenean, Ali ‘Saltoro’k lortu zuen –Daniele Nardiren eskaerari erantzunez– Gobernuarekin negoziatu, presioa eragin eta sei hilabetez itxitako bailara zabaltzea. Agian, nork daki, bere lanari esker izan ez balitz, Diamir isurialdeak blokeatuta jarraituko luke oraindik, herrilde honetako beste hainbat zonalde militarizatutan gertatzen den bezala. Turismoaren eta herrialdearen egoeraz hitz egin dugu berarekin.

Zer moduz doakio sektoreari?
2013an Nanga Parbateko behe kanpalekuan gertatutakoa eta gero, kosta egin da berriro ere gora etortzea, baina badirudi apurka-apurka hobetu dela panorama. Europar nahiz ipar-amerikar hedabideek gure herrialdearen inguruko irudi eskasa eta faltsua zabaltzen dute; arriskutsu eta indarkeriazaletzat gaituzte, mendebaldarrak jomugan izango bagenitu bezala. Hori horrela, ulergarria da hangoak gure beldur izatea. Dena dela, aurtengo neguan bost espedizio hurbilduko dira Nangara, oso seinale ona da hori; eta are ugariagoak dira udako trekking taldeak. Segurua ez balitz, Gobernuak ez luke ez bisaturik ez eta eskalatzeko baimenik emango.

Zer uste duzu gertatu zela 2013ko ekainaren 23 hartan?
%100ean ziurta dakizuket ez zirela talibanak izan. Negua zen, bidea elurrez lepo, Afganistango muga Gilgit Baltistan eskualdetik 200 kilometrora dago… nola iritsiko ziren hara goraino? Bailarako bertako herritarren eta espedizio bateko langile pakistandarren arteko liskar batetik eratorri zen sarraskia. Baina horrelakoetan, nazioarteko kazetariek azkar, oso azkar, jotzen dute izenburu irensterrazetara. Eta Gobernuak ez du inongo kontrolik edo presiorik eragiten Pakistani buruz kanpoan kontatzen dena egiara hurbil dadin. Gure bizilagunek, adibidez, Indiak eta Nepalek, askoz gehiago zaintzen dute aspektu hori.

Parisekoa bezalako erasoek ere ez dute laguntzen…
Jakina, islama indarkeriaren sinonimotzat dutenen tesia elikatzen dutelako, eta halako zerbait gertatzen den bakoitzeko bidaiari askok deskartatu egiten gaituztelako destino gisa. Baina horiek musulmandarron aurkako erasoak ere badirela gogoan edukitzea komeni da. Etorri denak badaki jende abegitsua garela, benetako musulmandarrak, baketsuak eta bakezaleak, mendizaleak zaintzen ditugula, dena dugula emateko eta bisitari gehiago jasotzeko irrikaz gaudela, beso zabalik.

Makina bat turismo agentzia berri sortzen ari dira hala ere.
Tira, 60 bat izango gara guztira, ez gara asko Nepalekin edo Indiarekin alderatuz gero; han 200dik gora dira. Batzuk alpinismoa egitera etortzen dira Pakistanera, beste batzuk trekkingetara, turismo kulturala bilatzen duenik ere bada, paisajistikoa, zientzialariak ere hurbiltzen dira… guztiari eta guztiei erantzun beharra dago! Eta asko dugu erakusteko! Asko dago oraindik esploratzeke, asko deskubritzeke. Gure bailara –Karakorum medikatearen ekialde muturrean, Indiarekin mugan–, adibidez, 1984an itxi zuten atzerritarrentzat, Kaxmir-eko gerra hasi zenean, eta oraindik ez dute zabaldu, gerra formalki behintzat amaitu den arren. Zenbat 7.000 metroko mendi sekula igo gabe, zenbat herrixka inoiz kanpoko inork bisitatu gabe…!

India eta Pakistanen arteko tira-bira etengabeek ere kalte egiten diote sektoreari, ezta?
Kalte handia. Orain harremanak baretu dira, baina mugako zonalde guztiak daude militarrez josita eta asko oraindik itxita. Hori eta beste gauza asko aldatuz gero, familia gehiago bizi litezke turismotik.

Zeintzuk dira zenbakiak?
Gilgit Baltistanen, herritarren sarreren %70 turismotik datoz. Mendi inguruetan ez dago industriarik ez beste ezer, turismoarekiko dependienteak dira. Hori horrela, nola ez dira ba abegitsuak izango! Herritarrentzat hain garrantzitsua izanagatik, sektore hau zaindu eta sustatu nahian gabiltzanok arazo askori egin behar diogu aurre, eta beti bakarrik, inoren babesik gabe eta askoren aurka borrokan.

Zer esan nahi duzu “bakarrik askoren aurka borrokan” diozunean?
Ba begira: Alde batetik, Nepal eta Indiarentzat konpetentzia zuzena gara termino turistikotan, beraz, hedabide europar eta ipar-amerikarrak ez ezik, hauek ere arduratzen dira gure izena zikintzeaz. Bestalde, Gobernuko Turismo Departamentukoak lo daude, ez gaituzte promozionatzen, nahiago dute negozio sinpleagotan sartu; erraztasun administratibo eta burokratiko gehiago eskaini beharko lituzkete sektorearentzako pizgarri gisa, eta erreskateen kontua asko hobetu, horretan aritzen diren helikopteroak militarrenak baitira, ez Gobernuarenak. Azken honetan zeresana eduki lezake baita ere gure Pakistango Mendizale Elkarteak, baina jasotzen duen diru-laguntza apurra bilerak antolatzen xahutzen du. Espero dut lehendakari berria aukeratzearekin batera gauza aldatzea.

Euroa 110 rupiatan aldatu dugu oraingoan. Iaz 130-135 rupiatan ere aldatu genuen. Badirudi hazten ari dela ekonomia.
Bai, zenbakiek hori diote. Baina gero, Islamabadeko auzo aberatsenetako etxe luxuzkoenetan ere ikusiko duzu negua kandela argiekin eta gasik gabe pasatzen dutela. Hemen politikari aberatsak eta Gobernu pobrea ditugu. Bost urtetik behin talde berri bat heltzen da boterera eta dena zerotik hasten du, dagoeneko martxan diren proiektuei jarraipenik eman gabe, aurrekontuaren %50 jada erabili bada ere. Baina herritarrek ez dira asaldatzen, lo daude.

Deigarria da, baita ere, zenbat jatetxe eta negozio txinatar zabaldu dituzten azken aldian hiriburuan.
Bai, orain dela 18 urte hasi ziren etortzen, eta gero eta gehiago dira. Jatetxeak, zapatagintza, motorgintza… horiek dira euren sektoreak. Askoz merkeago ekoizten dute, baina kalitate eskasarekin… munduko beste herrialde askotan egiten duten bezala, imajinatzen dut..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK