• 1
    Dec
    , by Alex

Bihar, abenduak 2, ‘Nanga Parbat 2016 Neguko Espedizioa’ aurkeztuko dugu hedabideen aurrean. 10:30ean izango da Bilbon, eta bide batez, Trangoworld taldera batu naizela jakinaraziko dugu; ilusio betez eta kolaboratzeko gogo biziz heldu diot garai berri honi.

Babesle berri batekin joango naiz aurtengo neguan Nanga Parbatera: erronka handi honetarako, Trangoworld etxearen TRX2 gamako ehun-gaien prestazio teknikoengan ipinia dut konfiantza, baita hauen motxila, denda nahiz lozakuengan. Dudarik gabe, datorkiguna bezalako muturreko esperientziak –eta etorriko direnak– zinez baliagarriak izango dira Trangoworld-en produktu lerro tekniko eta garatuena hobetzen jarraitzeko.

Kasik 90 urte daramatzate outdoor esparruan lanean, eta beraz, nire eskerrik beroena eman nahi diet euren arreta nire himalaya ibilbidera ekartzeagatik eta, gainera, munduan zehar euren enbaxadore gisa abiatuko dudan ziklo berri honen aurrean euren poztasuna adierazteagatik.

Pozarren ariko naiz ni ere proposamen berrien diseinu nahiz garapenean aktiboki parte hartzen zein berauek testatzen, harik eta alpinismo konprometituenak galdatzen dituen beharrei erantzungo dieten ereduak lortu arte. Elkarlanerako prest dagoen gertuko profesional talde batera batzeak konfiantza, segurtasuna eta ilusioa dakarzkit.

Biharko prentsaurrekoan zuek ikustea gustatuko litzaidake, Nanga Parbat proiektuaren detaile guztiak kontatzeko; 10:30ean Bilboko Gran Viako 38.ean..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK