• 21
    Dec
    , by Alex

Jada hiruzpalau egun pasa dira ‘El ruido y la furia’ 7c+/8a bidea kateatu nuenetik. Nire aburuz, inoiz egindako lorpenik garrantzitsuenen artean kokatzen dut; bereziki, nire bizitzako zein momentutan erdietsi dudan kontuan hartuta. Izan ere, azken asteetan oso lanpetuta ibili naiz, penintsulako mapari eta nazioartekoari pare bat buelta eman dizkiot, eta kilometro lar daramazkit soinean egun gutxi batzuetan. Aireportuetan igarotako gauak, itxaronaldiak, nekea, eta baita aurki ekingo diodan neure bizitzako erronkarik gogorrena, Everest igotzea neguan oxigeno artifizialik gabe, gero eta hurbilago egoteak sortzen duen urduritasun puntu hori bideratzeko lanak ere ez dira makalak.

Duela hilabete pare bat, Oñatin kokatzen den Koreako sektoreko bidea muntatu nuen, Maikelok frogatzera animatu ninduen, baina eguraldi kaxkarra zetorren eta David Carreterok bidea desmuntatzen lagundu zidan. Asteburu horretan, lehortu egin zen eta astelehenean berriz ere zintak jarri eta lanean hasi nintzen: pixkanaka-pixkanaka mugimenduak ateratzen, hankak martxak jartzen, keinuak…

Azaroaren 22an Cuencan hitzaldia eman ondoren, Koreara etorri nintzen jarraian, baina eguraldia ez genuen lagun izan eta hainbat aste itxaron behar izan genituen, kateatzeko bezain lehortuta egon arte; izan ere, helduleku (kanto) klabe pare bat bustita zeuden eta ezin.

Gero, abenduaren 15ean, egun osoan zehar lanpetuta aritu ostean, gauez joatea erabaki nuen eta Ibrari proposatu nionean, barrezka hasi zen zoratuta nengoela pentsatzen, hala ere, baiezkoa eman zidan. 23:30etan Bergaran jaso eta Korearantza abiatu ginen, gau ederra egiten zuen; berotu eta hiru pege eman nizkion, azkenengo pegean txorreraren altueran nengoela, mizer bat erori zen 1 edo 2 metrotako altueratik. Ikaragarria izan zen, gau ederra pasatu genuen, bost frontalekin aldean, eta entrenamendu oso on bat eginez.

Bukatzeko, abenduaren 18an, igandean, Esther eta Davidek aseguratu ninduten. Denbora oso gutxi nuen, eta bidean bertan berotu nuen (El Ruidon), bitartean, Simoneri elkarrizketa bat egiten zeudelako, eta jarraian, hitzaldi bat ematera joan behar genuelako Doneztebera. Hortaz, egun egokia ez zela uste nuen, Arnedon 3 ordu soilik lo egitetik nentorrelako.

Bidea bustita zegoen, pege bat eman nuen eta laugarren txaparen ostean erori egin nintzen; jarraitu nahi nuen, beste saiakera bat egiteko astirik ez nuela uste nuen, baina Estherrek jaisteko esan zidan, bost minutu deskantsatu nituen, eta erritmo onarekin hasi nintzen berriz ere, kontzentratuta; blokea gogorragoa ateratzen da hanka klabe bat apurtu zaidalako, baina indarrarekin sentitzen naiz –agian, presaka eta gauza larregi buruan-, goiko txorrerara iristen naiz, atseden pixka bat hartu, eta orain bai… gaur ezin zait eskapatu, jaurti egiten naiz, hanka jaso eta igarotzen naiz, kontzentratuta kateraino, bukaeran pixka bat estutu eta lortuta!!! Eskerrik asko aseguratu nauzuen guztioi, eta bereziki, Esther eta Davideri. Orain, Everesteri heltzeko ordua iritsi da.

.