• 12
    Mar
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena.
Gero eta gertuago daude. 900 metro pasatxok aldentzen ditu uneonetan Alex Txikon, Ali ‘Sadpara’ eta Daniele Nardi Nanga Parbat (8.126m) gailurretik; zortzimilako honetan neguan halakorik lortzen den aurreneko aldia litzateke. Azken maldei aurre egin aitzin gurutzatu beharko duten plato erraldoiaren erdian daude orain, 4.kanpalekuan (7.200m) atseden hartzen.

Biziki garrantzitsua izanagatik, bart ere ezin izan dute ganoraz lo egin: “Esango nuke lau bat ordu izan direla, ez gehiago”, zioen Alex Txikonek. Haizeak behin eta berriz astindu du, bortizki, denda.

Edozein kasutan, egunak eguzkitsu argitu dut Behe Kanpalekuan bezalaxe goian ere, 6.700 metrotan (3.kanpalekuan) eta, batez ere, lehen-­‐lehen orduan kontsultatu dugun meteo aurreikuspenak baieztatu digu haizeak indarra galdua zuela eta eguna ‘lasaia’ izango zela zentzu horretan. “Hemen goian, baina, haize arinenak ere izugarri jaitsiarazten du sentsazio termikoa; -­‐30ºC-­‐tan gaude, gutxi gora behera. Eguzkiak joko ahal digu!”, ahotsa hotzak uzkurtuta zuen. Goizeko 10:30ak ziren, eta Ali ‘Sadpara’k eta Muhammad Kanek goranzko bidea hartua zuten ordurako, pisu arinarekin, soilik finkatu beharreko soka gainean hartuta. “Daniele eta biok denda jaso eta atzetik irtengo gara, sobera kargatuta goaz”.

Zazpi bat orduko lan saioa zetorkien, beharbada ez aurrekoak bezain teknikoa baina berdin-­‐berdin nekagarria; dudarik gabe, altuera eta pilatutako esfortzua nabaritzen hasiak dira lau mendizaleak.

Orotara sei ordu eman dituzte atzo eskalatutako izotz biziko palari jarraipena ematen dion elur eta izotz malda amaigabean gora, 500 metro gutxi gora behera. “Astiro noa, gehiegi estutu gabe, indarra gordetzen”, komentatzen zigun Txikonek malda bitan zatitzen duen errimaia markatua gaindituta atsedenalditxo bat hartzen ari zela.

Iparmendebalderantz okertu ostean, 16:40etan jaso dugu beste dei bat: 4.kanpalekua (7.200m) dagoen plato erraldoira (Behe Kanpalekutik ikusgaitza) pasatzeko gainditu beharreko ertzetik 40 metro eskasera zeuden. “Indartsu gaude, baina pisu gehiegi daramagu, 20-­‐25 kilo, horrek txikitzen gaitu”. Hain justu puntu honetan eman du bukatutzat bere lana Muhammad Kanek; beheranzko bidea hartu du eta, gauez bada ere, gaur Behe Kanpaleku honetara iristea espero duela jakinarazi digu. Bere hankek ezin omen dute gehiago. Momentuz, ez dugu detaile gehiagorik zentzu horretan.

Ohar hau idazten ari ginela (18:00), walkieak berriro jo du: “Oinarria bukatu dugu eta denda muntatuta daukagu. Tontorrerantz 00:00etan abiatzea zen gure ideia, baina pixka bat beranduago izan beharko da, atseden orduak falta zaizkigu”.

Aurreikuspen meteorologikoek baldintza faboragarriak aipatzen dituzte biharko: 25-­‐20 Km/h bitarteko haizeak, suabeak izanagatik ere sentsazio termikoa espero diren -­‐35ºC erreal horietatik beherea jaitsiaraziko dutenak. Zeruak, bestalde, ostarteak dakartza..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK