• 17
    Feb
    , by Alex

Urtarrilaren 25ean heldu ginen Nanga Parbateko behe kanpaleku honetara. Orduz geroztik, beti ere eguraldi aldaketen menpe jokatuta, bi rotazio egin ditugu mendian, eta 6.700 metrora arte (III. kanpalekua) bidea ekipatuta uzteaz aparte, hurrengo rotazioetarako materiala eta janaria ere depositatuta utzi ditugu ezarritako kanpaleku ezberdinetan zehar.

Esan liteke lanaren zati handi bat eta teknikoena egin dugula; mendi honetan, neguan eta guk aukeratutako Kinshofer bidean inoiz lortu den altuerarik garaiena da, eta horrek erabat asebetetzen gaitu.

Orain astebeteko eguraldi txarra datorkigu atseden hartzeko, gaur artekoaz hausnartzeko eta aurrerantzeko lana planifikatzeko.

Hauxe da lehenengo bi rotazioetan zehar egindako lanaren kronologia-laburpena.
URTARRILAK 25
Behe kanpalekura (4.300m) iritsi ginen.
URTARRILAK 28
Lehenengo iriteera I. kanpalekurantz, zamarik gabe bidea zabaltzen. Glaziarrera arte heldu ginen. Iraniarrak behe kanpalekura iritsi ziren.
URTARRILAK 30
Berriro ere I. Kanpalekura bidean, morrena eta glaziarra gurutzatu genuen 4.850 metrora arte. Bertan 600 metro soka eta denda bat utzi genituen.
URTARRILAK 31
Bezperan bidean utzitako depositoa jaso eta I. kanpalekua ezarri genuen 5.050 metrotan. Behe kanpalekura (4.300m) itzuli ginen lotara.
OTSAILAK 4
Behe kanpalekutik II. kanpalekurantz abiatu ginen. 5.450 metrora arte 400 metro soka fijatu genituen elur sakonetan eta I. kanpalekura (5.050m) itzuli ginen lotara.
OTSAILAK 5
I. kanpalekutik atera ginen II. kanpalekura iristeko asmoz. 5.800 metrora arte fijatzea lortu genuen eta I. kanpalekura (5.050m) jaitsi ginen lotara.
OTSAILAK 6
I. kanpalekutik abiatu eta aurreko egunean baino 100 metro gorago egin genuen izotz biziko terrenoan (5.900m). II. kanpalekua baino 150 bat metro beherago bi denda, 1.300 metro soka eta janaria utzi eta behe kanpalekura bueltatu ginen.
Lehenengo rotazioaren amaiera.
OTSAILAK 9
Behe kanpalekutik atera ginen I. kanpalekuan (5.050m) lo egiteko. Daniele Nardi italiarra batu zen taldera.
OTSAILAK 10
I. kanpalekutik abiatu, Kinshofer horma (250m) gainditu eta, lehenengo aldiz, II. kanpalekura heldu ginen 6.100 metro inguruan. Lau orduko lana burutu genuen denda ezarri ahal izateko plataforma egiten. Gaua bertan pasatu genuen.
OTSAILAK 11
II. kanpalekutik atera eta 500 bat metro soka gehiago fijatu genituen 6.500era arte. Terreno mixtoa topatu genuen hasieran eta izotz bizia ondoren. II. kanpalekura (6.100m) itzuli ginen lotara.
OTSAILAK 12
II. kanpalekutik hasita, lehenengo aldiz, III. kanpalekura iristea lortu genuen (6.700m), mendi honetan, neguan eta guk aukeratutako Kinshofer bidean inoiz lortu den altuerarik garaiena. Gaua bertan igaro genuen.
OTSAILAK 13
Nekeak, aklimatazio faltak eta haize zakarrak behartuta, behe kanpalekura arte jaitsi ginen kolpe bakarrean.
Bigarren rotazioaren amaiera..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK