• 22
    Aug
    , by Alex

Ezin dizuegu informazio gehiago eman, arratsaldeko seiak baino geroago gailurretik jasotako minutu baino gutxiagoko iraupena izan duen deia izan baita (gaueko bederatziak Pakistanen). Albistea da Alexek eta Ekaitzek Dorre Izengabearen ‘Eternal Flame’ bidea eskalatu dutela eta 36 ordutan egin dutela. Erlojuaren kontrako lasterketa izan da; atzo goizeko seietan abiatu ziren eta bihar berriro egon behar dute kanpamentu nagusian, bihar iristen baitira etxera itzultzeko zamaketariak.

Hauek izan dira gailurretik esandako hitzak; “Kaixoooo!! Gailurrera iritsi berriak gara. Dorre Izengabearen gailurrean gaude! Atzo goizeko seietan irten ginen. ‘Sunny terrace’an ordu batzuk atseden hartzen eman ditugu, eta segidan gailurreraino egin dugu gora. 29 luze egin ditugu. Bide sinestezina da, zoragarria, baina oso-oso gogorra izan da. Hala ere, merezi izan du. Ezin da alderatu, baina ‘Bhusido’tik jaitsi beharrak bihotzean sartu zigun arantza kendu ahal izan dugu. Eta utzi behar zaitut sekulako hotza egiten du eta!”.

Alex Txikonek eta Ekaitz Maizek ‘Eternal Flame’ bidea igotzen saiatzeko erabakia hartu zuten joan den asteazkenean Dorre Izengabe Handitik jaistean. Dorre Izengabe Handiaren ipar-mendebaldeko ‘Bushido’ bidetik (2.239 m) jaitsi behar izateak sortutako atsekabearen ondoren, beraientzat egingo zuten eskalada izango zela erabaki zuten, introspektiboa. Horrexegatik, ez zuten aurrez iragarri nahi izan. Hortaz, ustekabean hartu gaitu gaur arratsaldeko seietan jaso dugun deiak. Erronka zaila zen, baina lortu dute.

‘Eternal Flame’ bidea horma handietako eskaladan dagoen bide historikoenetako bat da. 1989an zabaldu zuten Kurt Albert, Wolfgang Güllich, Christof Stiegler eta Milan Sykora alemaniarrek. Ia 1.000 metroko luzera duen bide ameslaria izan zen, librean 7b+ zailtasunak (garai hartan pentsaezina horma handi batean) eta A2 zailtasunak dituena.

Kanpamentu nagusira itzultzea itxaron beharko dugu eskaladaren xehetasun gehiago jakiteko, hots, ‘Eternal Flame’ bidean inoiz egin den eskaladarik azkarrenetako baten berri gehiago izateko. Izan ere, Rubén Pérez ‘Ino’ errioxarrak eta Paco Rey katalanak joan den astean bide hori eskalatu zuten eta 5 egun behar izan zituzten.

Zorionak Alex eta Ekaitz!.