• 20
    Aug
    , by Alex

Ezin izan da. Trangoko Dorre Handiak itxaron beharko du.
Ondoren, Ekaitzek, Pelutek eta hiruok ‘Bushido’ bidea igotzen saiatzeari uko egin behar izatearen inguruan idatzitako testua utziko dizuet.

“Kaixo guztioi Trangoko Dorre Handiaren kanpamentu nagusitik. Ez dizuegu ezkutatuko une latzak ari garela igarotzen. Oso latzak. Gisa honetako proiektu batean gogo bizia eta ilusio osoa jarri dugunean, eta proiektu honetan hainbeste hilabete lan egin dugunean, oso kolpe handia da proiektua arrakastaz amaitu ezin izatea. Are gehiago atzera bota zaituena mendia izan ez bada. 20 luze egin ditugu eta C3 kanpamenturaino, 5.200 metrotaraino, muntatu dugu dena. Hori guztia hamaika eskalada-egunetan, eta horietako zortzi horman sartuta. Zailena geratzen zitzaigun, baina eskalatu nahi genuen ‘Bushido’ bidearen korapilatsuena egina genuen.

Hortaz, etsipena oso handia da. Etsipena bai, baina ez dugu porrot-sentsaziorik. Izan ere, ezaugarri horiek dituen eskalada batean aldagai asko daude tartean, hormaren zailtasun teknikoez gain jakina. Alpinisten gogo-aldarteak, motibazioak, osasunak edo alpinista horietako edozeinen iguripen betegabeak, adibidez, parte hartzen dute Trangoko Dorre Handiaren ipar-mendebaldeko hormaren gisako ‘big wall’ horma baten eskaladaren partida zaila horretan. Alderdi horiek guztiek gisa horretako espedizio bat honda dezakete (eta, berez hondatu egiten dute). Eta horixe da, hain zuzen ere, gertatu dena.

Eskalatzeaz gain sare sozialen bidez ia zuzenean berri emateko asmoa genuen espedizio honek oso logistika konplexua du, eta hori ezinezkoa izango litzaiguke Pelut gabe, ez eskaladaren aurretik, ez eskaladaren unean bertan. Hasiera batetik, proiektuaren funtsezko elementua izan da. Bera gabe ez zuen zentzurik. Eta uste dut guztiak gaudela ados

eskalatzea ez dela ariketa fisiko hutsa, baizik eta (eta batez ere) gogo-aldarte bat dela. Eta kemen horrek huts egiten duenean, motibazioa goitik behera erortzen da. Eta horixe gertatu zaio Peluti. Kanpamentu nagusira heldu bezain laster, angina batzuek jokoz kanpo utzi zuten hainbat egunez, eta, gero, horman geundela, ez da inoiz eroso sentitu. Bidea ez zen berak espero zuena, eta eguraldi txarra sartzeak kitoa eman dio. Duela hiru egun, ez zuela jarraitu nahi jakinarazi zigun taldekideei, espedizioa amaitu zela beretzat. WhatsApp bidez bidali zuen testuan ezin hobe azaldu zuen.

Erabaki oso gogorra izan da beretzat, erabaki horren ondorioen jakitun baitzen. Alabaina, espedizioko gainerako kideek zintzotasunez errespetatu dugu erabakia. Ezin zen beste modu batean izan. Hiruok oso argi dugu gisa horretako eskalada bati ezin zaiola motibaziorik gabe aurre egin, baita soka hiru pertsonek osatzen dugula ere. Hasieratik amaierara arte. Hortaz, astelehenean, jaistea erabaki genuen, eta atzo itzuli ginen kanpamentu nagusira. Gogoetarako uneak dira, bizi izan dugunari buruz hausnartzeko garaia da. Gure iritziz, arrakastak baino gehiago irakasten dizu etsipenak.

Besarkada handi bat guztioi Trangoko Dorre Handiaren kanpamentu nagusitik, eta mila esker abentura sinestezin honetan jarraitu gaituzuenoi”..