• 25
    Feb
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/02/25

Arratsaldeko 18:30ean (Pakistango ordua) kontaktatu berri du Alex Txikonek Behen Kanpaleku honekin. Laurak lozaku barruan hidratatzen eta atseden hartzen ari direla baieztatu digu.
Haizearen abiadurari dagokionez, badirudi baldintza optimoak (5–10km/h, ez gehiago) 26ko gauean helduko direla eta 27ko egunean zehar mantenduko direla. Baina ordura arte itxaroteak 7.000m-tik gora beste gau bat igarotzea suposatuko luke. Hortaz, datozen orduotan eta baita bihar goizean ere haizeak oraindik 35 km/h eta Iparmendebaldetik joko duen arren –Nangaren gailur-trapezioak EZ ditu, hortaz, babestuko–, goizaldeko 5:30–6:00ak inguru (pakistango ordua) tontor saiakerari ekitea erabaki dute, eztabaidatu ostean, nazioarteko kordada osatzen duten lau taldekideek. Ez dute lehenago hasi nahi muturreko tenperatura hotzak saihesteko.

Goizeko 8:00etan iritsi zaigu gaurko lehenengo deia 3Ktik (6.700m). Alex Txikon bera arduratu da jakinarazteaz dena ondo joan dela gauean zehar, hotza sekulakoa izan dela, baina sentsazio onak eduki dituztela, ongi sentitu direla alegia. Pozarren jaso dugu berria, atzokoa baitzen laurek altura horretan (6.700m) pasako zuten aurreneko gaua, berebizikoa hortaz. Gosaltzekotan ziren, eta “eguzkiak apur bat gehiago berotu bezain pronto” aterako ziren 4Krantz (7.200m).

Bi taldetan abiatu dira. Ali Sadpara eta Simone Moro hasi dira lehenik; Alex Txikon eta Tamara Lunger, ordea, denda desmuntatu eta 4Krako (7.200m) gainontzeko material guztia hartzeaz arduratu dira goruntz atera aurretik –10:30ak bueltan izango ziren jada (Pakistango ordua)–.

Aurreko saioetan izotza eta beti konplikatua suertatzen den terreno mixtoa izan dira protagonista, baina gaurkoan elur gainean aritu dira hasieratik bukaerara arte, “elur gogor samarra” topatu dute gainera –Txikonek zioenez–, eta horrek aldapa tentean gora azkar jarduten lagundu die, nabarmen. Hala, lau mendizaleek sei ordutan gainditu dituzten 3Ktik 4Kra bitarteko 500 metroko aldea eta distantzia luzea.

Lanaren zati bat atzotik aurreratua zuten: 6.700m-ra (3K) iritsi bezain pronto, Alex Txikonek eta Simone Morok, pioleta baliatuta, ganorazko plataforma bat prestatzeari ekin zioten, ondoren gainean denda muntatu ahal izateko. Barrukoa atondu zuten, elurra urtu… Bien bitartean, Ali Sadpara eta Tamara Lunger 3K gaineko malda “amaigabearen” lehenengo 160 metroak ekipatzen aritu ziren; dudarik gabe, gaurkoan taldeak eskertu du atzoko lan ‘extra’ hori.

13:00 inguru zirenean, prismatikoen bitartez ikusi ahal izan dugu jada Mendebalerantz zuzendu dituztela euren pausoak, plato erraldoi bati bide ematen dion ertzera igotzeko. Lautada basa horretan –Bazhin Gap deritzona– dago, hain justu, 4K (7.200m), Behe Kanpaleku honetatik ikusezina.

16:30ean berriro kontaktatu dute, “plataforma prestatzen ari gara”; eta bi orduren buruan dagoeneko lozaku barruan ziren, hidratatzen eta datorkien saio luzeari begira atseden hartzen.

Haizearen abiadurari dagokionez, badirudi baldintza optimoak (5–10km/h, ez gehiago) 26ko gauean helduko direla eta 27ko egunean zehar mantenduko direla. Baina ordura arte itxaroteak 7.000m-tik gora beste gau bat igarotzea suposatuko luke. Hortaz, datozen orduotan eta baita bihar goizean ere haizeak oraindik 35–40 km/h eta Iparmendebaldetik joko duen arren –Nangaren gailur-trapezioak EZ ditu, hortaz, babestuko–, 5:30–6:00ak inguru tontor saiakerari ekitea erabaki dute nazioarteko kordada osatzen duten lau taldekideek. Ez dute lehenago hasi nahi muturreko tenperatura hotzak saihesteko..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK