• 24
    Feb
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/02/24

EGINA. Alex Txikon, Ali Sadpara, Simone Moro eta Tamara Lunger 3Kn (6.700m) atseden hartzen ari dira uneotan. Bigarren etapa hau amaituta, esan liteke lau eskalatzaileek Kinhsofer bide honetako zailtasun tekniko handieneko tarteak gainditu dituztela dagoeneko; Nanga Parbat (8.126m) aurrenekoz neguan eskalatzeko bidean berebiziko pausoa, inondik ere. Aurrerantzean, bestelako faktoreei egin beharko diete aurre: pilatutako nekea, altuera eta hotza. Bihar 4K (7.200m) ezarriko dute, eta bertatik joko dute tontorrerantz otsailaren 26ko –ostirala– goizaldean. Atzokoan haize- eta elur-ekaitz bortitz batek 2Ktik (6.700m) ezin mugiturik eta babesean eduki zituen egun osoan zehar, geldialdi behartua izan zen, baina datozen hiru egunetarako aurreikuspenek eguraldi egonkorra, eta laino, prezipitazio nahiz haize eza aipatzen dituzte.



Bagenekien atzo –otsailak 23– haizea deserosoa izango zela, baina Txikonek, Sadparak, Morok eta Lunger-ek ez zuten espero 3Kranzko (6.700m) saioa bertan behera uztera behartuko zituenik. Aspaldi ulertu genuen, ordea, Nanga Parbateko klima berezki apetatsua eta aldakorra dela, eta hobe dela tankera honetako trabak pazientziaz eta filosofiaz onartzen jakitea. Bai, beste behin, Nanga Parbatek jokaldi makurra egin zien lau eskalatzaileei, izan ere, 2K (6.100m) da dudarik gabe Kinshofer bideko okerrena eta deserosoena, bertan bi gau eta egun oso bat igaro behar izateko desegokiena. 4–5 metro koadrodun plataforma mugatuaren gainean muntatzen dute denda, alde banatara 1000 metroko patioa dutela. Ez da zaila imajinatzea halako leku batean pixa egitera ateratzea bera ere sekulako abentura arriskutsua bilakatzen dela. Esposizio handiko ertza da gainera; ondorioz, lau sokalagunek 30 ordu luzez –iragan otsailaren 22ko 16:30ean 2K honetara heldu zirenez geroztik– pairatu dituzte haizearen oldarra (70km/h gutxienez) eta astinduak, tarteka denda bera altxarazteko keinua ere egiten zuena, Txikonek baieztatu digunez. Hala izango zela sinetsita gaude gero, Behe Kanpaleku honetan bertan, 4.200 metrotan, denda bat baino gehiago behera botatzeko gai izan baitzen denboralea. Honi guztiari enegarren zailtasuna gehitu zitzaion han goian: lau eskalatzaileek hautsirik aurkitu zuten bertako depositoa eta estera isolatzaileetako bi hegan atera zirela ulertu zuten beherala. Ordezko modura, 3Kn muntatzeko gordeta zuten dendaren oihala zabaldu zuten 2Kko denda barruan, hotzetik ahal izan zuten neurrian babesteko.

Edonola ere, eta nahikoa janari eta gas zutenez gero, eguraldi txarrari umore onez erantzuten jakin zuten, atzoko geldialdi behartua modu positiboan biziz. “Egun osoa daramagu hidratatzen, jaten eta atseden hartzen”, zioen Txikonek. Euren plan edo programan jasota ez zegoen arren, nolabait eskertu egin zuten atzoko etena, dudarik gabe ongietorria izan zen bezperan 2.000 metro aldi batean gainditu ostean.

Haizeak ez du etenik eman gaur goizaldeko –otsailak 24– 2:00ak arte, baina egunak zoragarri eta bare argitu du. Horrenbestez, 9:30ak bueltan, aurreneko eguzki izpien epeletan, walkie bidez jaso dugu konfirmazioa: 3Krantz (6.700m) abian ziren. 2Ktik 3Kra doan tarteko lehen 300 metroetan terreno mistoa da, 200 bat metroko egundoko pala izoztu bati bide emanez gero.

Denda bat igotzeaz aparte, hainbat elur-estaka eta izotz-torloju ere gehitu dizkiote Txikonek eta Sadparak 6.700 metrotan dagoeneko urtarrilaren 23az geroztik ezarria zuten depositoari –bidearen zati garrantzitsu hau ekipatu ostean–. Bihar 4Kranzko bidearen tarte bat fijatzeko erabiliko dituzte, ziurrenik.

3K (6.700m) benetan leku erosoa eta zabala da 2Kko plataforma eskasarekin alderatuta. Hotza eta altuera nabariagoak dira ordea, nahiz eta eguzki-ordu luzeak dituzten han goian. “Tontorra benetan hurbil ikusten da hemendik”, zioen Simone Morok walkie bidez. Dudarik gabe, menditzar honen dimentsioek erraz engaintzen dituzte tontorrarekin amesten duten begiak.

Txikonek eta Sadparak lehendik finkatutako sokak eskura izan dituzten arren, han goian izotza zinez gogorra dagoela kontatu digute eskalatzaileek, eta ondorioz 5 orduko lan neketsua izan dela aitortu digute. Hala ere, “indartsu eta pozik” daude.

Eskerrik asko abentura hau gertutik jarraitzen ari zareten guztiei. Zuen bultzada eta babesa han goian ere sentitzen dute…

PROGRAMA:
Bihar 4K (7.200m) ezarriko dute, eta bertatik joko dute tontorrerantz otsailaren 26ko –ostirala– goizaldean. Karl Gabl-ek (Austriatik) eta Javier del Valle-k (Zaragozatik) helarazi dizkiguten meteo parteen arabera, presio altuak (antizikloia, eguraldi egonkorra) Nanga Parbat mendigunearen gainean kokatu da eta, ondorioz, aldeko baldintzak espero ditzakegu datozen bi egun garrantzitsu hauetarako, baita jaitsiera seguru baterako ere. Haize arina eta laino/prezipitaziorik ez..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK