• 22
    Feb
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/02/22

Zenbait saiakeratan zehar 2Ktik (6.100m) gorago ezin pasa ostean, badirudi azkenean heldu dela amestutako leihoa, behin betikoa, ziurrenik, dena ondo badoa eta gorputzek egoki erantzuten badute, Txikon, Sadpara, Moro eta Lunger-i neguan inoiz eskalatu gabeko Nanga Parbat honetan beren tontor saiakera abiatzeko aukera emango diena. Oraindik ilun zenean atera dira BK honetatik, gaur goizeko 5:30ean –otsailak 22–, zuzenean 2Krantz (6.100m).

Hainbat elurtek eta haizetek ustekabean harrapatu gaituzte azken asteotan, txosten meteorologiko ezberdinetan jasotako aurreikuspen askori ihes egin baitiete. Espero genituen leihoetako batzuk ez dira iritsi, edo bat-bateko haize aldaketa batek uste baino lehenago izorratu du eguraldia eta, ondorioz, lau eskalatzaileek bertan behera utzi behar izan dute saio bat baino gehiago.

Izan ere, Himalaia eta Karakorum mendikateen artean erdibidean eta isolatuta dagoelako da hain aldakorra Nanga Parbateko klima. Baina halako azalpenak ez du, beharbada, sinesgarritasun handirik gure ahotan, hortaz, Javier Del Valle Melendo Klimatologia Doktorea elkarrizketatzea pentsatu dugu, gogo onez kolaboratzen ari baita espedizio honekin, besteak beste tontor saiakera planifikatzeko balio izan duen informazio klimatiko zehatza helaraziz.

Bere argibideak lagungarriak gerta daitezke guztiok hobeki uler dezagun hainbeste aldaketaren zergatia. Egoerak eskalatzaileak ernegatu ditu tarteka, baina pazientzia eta mendiarekiko pasioa gailendu dira.

Javier del Valle Melendo: Klimatologian Doktorea, Ingurumen Hezkuntza eta Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioan Masterra. Zaragozako Defentsaren Unibertsitate Zentruko irakaslea. Esperientzia zabala mendian, baita mendi-klimari buruzko formazioan nahiz dibulgazioan.

Pakistango zortzimilakoen artean, Nanga Parbat da Himalaian –eta ez Karakorumen– dagoen bakarra. Oro har: zein dira mendikate bateko eta besteko klimaren berezko ezaugarri esanguratsuenak?

Himalaiako klimari dagokionez, orokorrean, esango nuke montzoien txandakatzeak dafinitzen duela: montzoi hezea udan eta lehorra neguan; honek oso baldintza desberdinak eta bereiztuak eragiten ditu urtean zehar. Hala ere, errealitate hau lausotu egiten da mendikatearen Iparraldean, hain justu Nanga Parbat dagoen zonaldean. Karakorumera, ordea, ez da udako montzoia heltzen, eta iristen bada oso modu ahul eta puntualean izan ohi da. Aldiz, jatorri epel eta ez tropikaleko prezipitazio ziklonikoen erangin handiagoa jaso ohi du. Bestalde, neguko montzoi lehorra ez da hain indartsua izaten Karakorumen, izan ere, aipatu ditudan borraska epel horiek tarteka sartu egiten dira elurteak eraginez.



Gainontzeko mendi garaietatik isolatuta dago Nanga Parbat. Esan liteke horren ondorioz klima berezia eta berezkoa duela mendikate beraren baitan?

Tamaina handiko mendigune isolatua da, bai, inguruko bailaretatik sekulako maldak tarteko bereiztua. Hori dela eta, beregana heltzen diren aire masek mendia inguratu beste aukerarik ez dute izaten, intentsitate handiko haizeak sorraraziz, eta, prezipitazioekin batera bada, elur-ekaitz bortitzak eraginez. Gainera, magal itzelak ditu Iparmendebalerantz eta Hegoekialderantz, non insolazio eta beraz tenperatura baldintzak ezberdinak izan daitezkeen. Bestalde, haizeen zirkulazioaren arabera, mendi-hegal hauek haizealdekoak edo haizebekoak bilaka daitezke, prezipitazioekin edo gabe. Honen guztiaren ondorio gisa, klima oso espezifikoa izaten da mendigunearen ingurumarietan, iristen diren aire masengan mendiak berak eragiten dituen transformazioen ondorioz hain zuzen.



Oso agerikoa izaten ari da bereziki aurreikusezina dela Nanga Parbat. Zergatik?

Bai. Hain zuzen ere aipatu berri ditugun bi faktore horiei zor zaie aldakortasun hau. Alde batetik, klimak bi mendikateen –Himalaia eta Karakorum– arteko trantsizio ezaugarriak biltzen dituen zonalde batean dagoelako Nanga Parbat. Eta, bestetik, bere isolamenduagatik, inguruko haran eta lurrekiko erliebe energia handia delako. Bere hormatzarrek bertara hurbiltzen diren aire masak aztoratzen dituzte, eta beraz, haizearen norabidea ahulki bada ere aldatuz gero, baldintza meteorologikoak goitik behera alda daitezke mendian bertan eta bere inguru hurbilean.



Are aldakorragoa al da egoera neguan udaberrian/udan baino?

Neguan, presio altuek (antizikloiek) menperatu ohi dute Asia barnealde osoa; baina hauek ez dira egonkorrak, transformatu egiten dira, eta gauez indartzen diren bezalaxe (hoztuta) ahuldu egiten dira egunez (berotuta). Eraldaketa hauek islatu egiten dira Nanga Parbatera iristen diren aire masengan, zeinak aldi berean aldatu egiten diren egunean zehar intentsitatez eta, noski, tenperaturaz. Zenbaitetan, Afganistanen edota Kaspio Itsasoaren ingurumarietan sortzen diren borraskak heltzen dira mendigunera, eta orduan elurte-aldiak izaten dira. Horrenbestez, antizikloiak eta borraskak etengabe eta orduz ordu eboluzioan dihardutenez, eguraldia oso maiz aldatzen da. Udan, ordea, presio baxu edo borraska dominatzaileak bolada egonkorrekin txandakatzen dira baldin eta maiz Asiako Mendebalde muturra okupatu ohi duen antizkikloia iristen bada.

Dena dela, normalean, nolakoa izaten da klima neguan Nanga Parbaten?

Himalaiaren Ipar muturrean dagoenez gero, Karakorumetik hurbil, latitude ertaineko borrasken eragin handiagoa jaso ohi du Himalaiako beste mendi batzuek baino. Hala, elurteetarako, prezipitazioaldietarako eta denboraleetarako joera handiagoa izan ohi du neguak hemen. Insolazioa ere ahulagoa denez, tenperaturak hotzagoak izaten dira.



Alpinismorako baldintza konplikatuak, gero.

Inondik ere. Neguko Nanga Parbaten eskalatzen jarduteko baldintzak gogorrak dira oso. Haizea etsai latza da, haize zakarrak fisikoki galarazi dezakeelako igoera. Gainera, komeni da azpimarratzea mendi garaietan haizea hotza dela, eta honek nabarmen jaitsiarazten duela sentsazio termikoa, batzuetan muga imajinaezinetara heldu arte. Horretaz aparte, hotza denean, haizea fluido dentsoagoa da eta ondorioz bultzatze-indar handiagoa du. Prezipitazioek ere, batez ere oso ugariak badira eta haizearekin konbinatzen badira, zailtasuna areagotu dezakete, bereziki ikuspena gutxiagotzen bada.



Komentatzen ari garen hau guztia dela eta, neguko Nanga Parbaterako aurreikuspen meteorologikoen fidagarritasuna mugatuagoa da, ala?

Aurreikuspen meteorologiko orok du ziurgabetasun gradu jakin bat; handiagoa denboran zenbat eta urrunago egin, eta askoz handiagoa mendiari dagokionez, batez ere mendi isolatua bada eta zonaldeko klimaren ezaugarriak ez badira oso ezagunak. Zentzu horretan, gogora ekarri behar dugu Pakistan Iparraldeko klima nahiko ezezaguna dela oraindik, behatoki sarea eskasa da arrazoi asko tarteko, eta egun jakin baterako ganorazko aurreikuspen meteorologiko aplikatu bat egiteko lagungarriak diren ikerketa klimatikoak ere oso urriak dira. Halako inguru ezezagun baterako aurreikuspen meteorologikoak egiteak, ondorioz, ziurgabetasun tarte zabala du.



Zenbat eta nola eboluzionatu du azken urteotan zehar espedizioetarako aritzen diren meteorologoen lana eta metodologia?

Oro har, aurreikuspenek aurrera egin dute, orain eredu anitzak darabiltzagu; baina beti dago ziurgabetasun tarte bat, esan bezala, areagotu egiten dena mendialdeetan eta urriki aztertutako klimen kasuan. Eta hor dago, baita ere, noski, nork eredu hauen gainean egiten duen irakurketari dagokion tartea.



Nola islatu da eboluzio hau alpinismoaren esparruan?

Neurri batean areagotu egin da segurtasuna tontor saiakera bat planifikatzerakoan, izan ere, orain handiagoa da informazio klimatikoaren bolumena, eta apurka-apurka murriztuz doa ziurgabetasun tartea, nahiz eta ez den guztiz desagertu. Ulertzen dut goi mailako alpinistak ahalik eta aurreikuspen egokitu eta zehatzena behar duela eta hala galdatzea, baina gaur gaurkoz, hobetu dugun arren, erabateko ziurtasunik ez dago, oraindik ere hortxe daude ziurgabetasun nahiz aleatoriotasun tarteak, baita hainbat fenomeno meteorologikoren aurreikusezintasuna ere. Klimatologo batek eredu klimatikoei interpretazio parte bat gehitzen dien neurri berean, goi mailako mendizale batek ere, aurreikuspen hauetan oinarrituta, neurtu behar du zein arrisku edota zailtasun mailari aurre egiteko prest dagoen.



Zenbateraino erraztu dezake aurreikuspen meteorologiko on batek espedizio baten arrakasta?

Neurri handi batean, uste dut. Arrakasta tontorrera heltzea edo garaiz erretiratzea izan daiteke, baldin eta baldintzak muturrekoak badira eta taldekideen bizitza arrikuan jar badezakete. Aurreikuspen meteorologiko batek espero diren eguraldiko oneko leihoen berri eman dezake, eta hau tontor saiakera bat edo garaierako kanpalekuen instalazioa planifikatzeko lagungarria izan daiteke. Era berean, muturreko baldintza arriskutsuez ere ohartarazi dezake, tontor saiakerari edo gehiegizko esposizioari uko egiteko pisuzko arrazoi beharko luketenak. Gaur egun halako muturreko egoerak aurreikustea erraz samarra da. Egoera atmosferikoa hain markatua edo argia ez denean datoz arazoak; hain justu orduan sartzen dira jokoan klimatologoaren interpretazioa eta mendizale taldearen erabakia jarduera bat edo beste planifikatzeko.



Uste duzu beroketa globala ondorio nabariak edukitzen ari dela mendi hauetako klimaren portaeran? Neguak arinagoak al dira orain?

Etengabeko aldaketak eta transformazioa bizi dituen medioa da mendia, hain justu horregatik da hain erakargarria. Arinki bada ere, mendilerro bat formaz aldatzen da urtaro bakoitzeko, baita urte batetik bestera ere elur pilaketaren arabera; bere glaziarrak, ibaiak… estaltzen duen landareria bera ere egokitu egiten da errealitate dinamiko honetara. Aldaketa klimatiko gisa ezagutzen dugun horren efektuak ikuspegi zientifikotik ongi definitzea komeni da halakotzat jo aurrez. IPCCaren (Aldaketa klimatikoaren inguruko adituen gobernuarteko taldea) informeen araberako baieztapenetako batek dio tenperaturak arinki egiten duela gora, baina prozesu honek muturreko hotz edo bero aldiak dituela bidelagun, baita garai oso euritsuak edota oso lehorrak ere. Gizakiak mediengan eragiten duen transformazioa ere gehitzen zaio berezko eraldaketa naturalari. Egungo neguak iraganekoak baino arinagoak ote diren baieztatzeko baldintza alderagarrietan bildutako epe luzeko erregistroak behar dira, balore termikoen eboluzioa aztertzeko, eta mendikate askoren kasuan ez dago halakorik. Badugu, baina, indikatzaile on bat: glaziarrak. Munduko glaziare askok atzera egin dute azken urteotan, tartean Aragoiko Pirinioko guztiak, txikiak bezain sentsibleak direlako aldaketa klimatikoekiko. Aldiz, Karakorumekoak hazten ari dira, eta Himalaia Hegoaldekoek uste baino gutxiago egin dute atzera. Erakargarria ez ezik, tarteka aurreikusteko zaila ere bada mendia, eta lotsati ezkutatzen ditu bertan gertatzen diren fenomeno natural batzuren arrazoiak. Oraindik asko geratzen da medio latz bezain erakargarri honen inguruan jakiteke eta deskubritzeke..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK