• 15
    Feb
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
15/02/2016

Ezinezkoa izan da. Meteo aldaketa berri batek –tamalez, aukeren artean zegoen–, hodeiak eta haize zakarrak ekarri ditu, lau eskalatzaileak 1Ktik jaistera behartuz. Nangak neguan gaudela gogorarazi digu beste behin. Bihar berriro ere saiatuko dira.

14:00ak inguru heldu ziren atzo 1Kra (4.800m). Ordubete eskas pasatu zuten azken elur jausiak dendan eragindako kalteak ahal izan zuten neurrian konpontzen; eta barrualdea atontzen. Izan ere, oraindik sinestea kosta egiten zaigun arren, animaliaren batek edo batzuk –azeriak izango ziren ziurrenik– guztia aztoratu eta bost kilo janari lapurtu+jan ditu(zte), dena desagertu da, poltsa barne: gazta, urdai azpikoa, polenta, Tang-a, azukrea, gailetak, txokolatea, barra energetikoak… ez du(te) ezer utzi, lata barruko kontserbak eta janari liofilizatua izan ezik.

1Ktik aurrera, couloir hasierara arte (5.200m inguru) urratsa zabaltzea zen atzoko helburu zuhurra, lotara 1Kra itzuli eta hurrengo egunean –gaur alegia– 2Kra heltzeko. Baina, denda atontzeaz amaitu bezain pronto, goizetik mehatxuan zebiltzan hodeiak are gehiago itxi eta sekulako haize zakarra altxa zen. Ezinezkoa zen askoz gorago lanean jardutea. Pixka batean itxaron zuten, harik eta Lungerrek euren meteo gizonarekin –Karl Gabl– hitz egin eta honek aukerarik txarrena baieztatu zien arte: meteo aldaketa berri bat hemen zen, espero ez zitekeena, baina haize zakarrak eta hodeiak ekarriko zituena bi egunerako. Hortaz, gaua 1Kn pasatzeak jada ez zuen inongo zentzurik, gaurko eguna ez zelako ‘erabilgarria’ izango. Hala, arratsaldeko 17:00ak pasatxo iritsi ziren, berriro ere, Behe Kanpalekura.

Aurreikusi bezala, gaurkoak ez du gora egiteko aukerarik eman. Baina egunari zentzua ematen eta zukua ateratzen saiatu gara behera eginez. Hala, Alex Txikon bera, Zia sukalde-mutila, Muhammad Nabi polizia gizona eta ni neu –Igone, komunikazio lanen arduraduna– Cutgali herrira (3.800m, BKtik 2 ordu eskasera) jaitsi gara pilatutako zaborra eta gas bonbona hutsak bizkar gainean eta leratan hartuta. Espedizio amaieran egin beharko diren lanak aurreratzeaz gain, soinak mugitzeko modu bat da.

Diamir bailarako familiek Ekaina eta Uztaila igaro ohi dituzte Cutgaliko etxeetan. Lekua zoragarria da elurrak estalita, eta are ederragoa izango da, ziur, udaren epelean, errekek ur frexkoa dakartenean, loreak nonahi direnean eta ganaduak nahi adina jateko duenean.

Zabor eta bonbona hutsen depositua Ziaren familiaren etxean utzita, izerdia lehortzeko sua piztu eta goranzko bideari ekin diogu berriz, BKra (4.200m).

Txikonek, Sadparak, Morok eta Lungerrek adostua dute jada bihako plana: goizeko 5:00etan abiatuko dira ahalik eta hurrunera arte urratsa zabaltzeko. Zorionekoak badira eta behingoz eguraldiak aukera txiki bat ematen badie, 1Kn (4.800m) egingo dute lo etzi ekinean segitzeko. Ea ba!.

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK