• 11
    Feb
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/02/11

… Eta bien bitartean… Behe Kanpalekuan makina bat ordu pasatu eta aspertzeari ahal den moduan aurre egin beharko; eta, sinetsidazue, horretarako sormen nahiz arte apur bat behar da.

Azken batean, kasik zeharo isolatutako mini-gune bat da hau, erabat autonomoa horrebestez, non mini-gizarte baten gisara, jatorri ezberdineko pertsonak bizi garen, kultura eta sinesmen ezberdinekoak, sexu ezberdinekoak, izaera, gustu, ohitura nahiz mania anitzekoak… helburu zein egiteko ezberdinekin etorri gara hona gainera, eta ondorioz, azkenerako rol ezberdinak onartzen ditugu, pertsonaia ezberdinak.

Jakina, espedizioaren aurrekontuaren arabera, neguko Nanga Parbat honetara etortzeko askotariko moduak daude. Babesle handi eta indartsu bat eskuratzeko zortea duenak nahi adina janari, gas eta keroseno agindu ahal izango du; bere egonaldia askoz ere epelagoa eta arduragabeagoa izango da hemen.

Guk ez dugu halakorik, ordea. K2Pakistan agentziarekin dugun kontratuak aldez aurretik adostutako zerbitzu mugatuak (zerbitzu bikainak gainera) barnebiltzen ditu 50 egunerako (honezkero 40 baino gehiago daramatzagu); beraz, hemen ere gerrikoa estutzea beste aukerarik ez dugu, ahalik eta gutxien xahututa ahalik eta gehien aurrezteko.

Etxetik milaka kilometrora Behe Kanpaleku honetan gure egunerokoa zer nolakoa den ulertzeko argigarriak gerta daitezkeen hainbat detaile eta trikimailu doaz segidan.

JANGELA-DENDA ETA SUKALDEA, BIAK BAT

Esate baterako, aurreneko eta oinarrizko detaile bat Behe Kanpalekua osatzen duten dendak muntatzen hasi aurretik azpiko elur guztia erretiratzea da; lur gainean bizitzeko eta ez elur gainean, alegia. Ondoren, barruan, zorua apar pieza handiekin forratzea komeni da, isolatzeko. Beroa topera optimizatzeko beste trikimailu garrantzitsu bat jangela-denda eta sukalde-denda bakar bat balira bezala altxatzean datza, elkarri pega-pega eginda, biak bat. Hartara, sukaldeko kerosenozko suek igortzen duten beroak beste aldea ere epeltzen du, gosaritarako/bazkaritarako/afaritarako erabiltzen dugun jangela-denda hain justu, egongela ere badena bertan pasatzen baitugu denbora luze filmak ikusten, irakurtzen, musika entzuten, hizketan edota komunikazio lanak aurrera eramaten –oraintxe bezala–.

Sukaldea gidatzen Moshin Sadi (Golapur, 1976) dugu, iaz ere kanpaleku honetan bertan gurekin bi hilabetez izan zen McGiver pakistandar modukoa; sorgailu edo generadoreak konpontzeko gai da, baita argiztapen sistema berriak asmatzeko ere, kontrakturak desagerrarazteraino masajeak ematen badaki, eta hori guztia, noski, jatekoa prestatzeaz aparte; ezinbestean izozten diren osagai urrietatik abiatuta hamaika errezeta garatzeko adina sormen baitu. Arroz eta dilista kiloak, pasta, arrautzak, irina, barazkiren bat, bertako makina bat espezia ezezagun eta hemen bertan lepoa moztuta Mekarantz begira hil zuten ahuntzaren haragia dira gure dietaren oinarria, nahiz eta etxetik ere ekarri dugun kargamentua zaporez aldatu nahi dugunerako (eskerrik asko Isabel, Garoa Gaztak, Katealde Pateak, Alejandro Goya Harategia eta Grefusa!!!)

Aurtengo hau Moshinen bostgarren neguko espedizioa da, gizon ondua inondik ere, honezkero 14 udako espedizio eta 30 trekking irteera baino gehiago pilatu baititu. Laguntzaile gisa Zia Hayat Meer du (Diamor, 1995 –ez daki zehatz mehatz–), bost urtez Islamabad, Karatxi eta Lahore hirietako hainbat jatetxetan lanean aritu izan dena.

Bien artean janaren, kerosenoaren (sukalderako) eta gasolinaren (generadorerako) gaineko kontrol zorrotza daramate. Izan ere, hemen komeni da xuhurra izatea, bada ezpada, gerta baitaiteke elurrak bidea ixtea eta zamalariek ezin iristea.

NORBANAKO DENDAK

Guztiontzako denda handiaz gain, norbanako dendak ere baditugu bakarrik egon nahi dugunerako, eta gauetarako noski. Generadorea 20:00ak inguru itzaltzen dugu, aurrerantzean argirik gabe geratzen gara, horrexegatik 21:00ak bueltan joaten gara lotara. Goizeko 09:00ak pasa arte ez dugu gosaltzen, eguzkiak ez baitu 10:30ak baino lehen indarrik izaten eta hobe delako ahal den neurrian gauean zehar denda barruan ekoiztutako beroa probestea; zenbat eta txikiagoa, orduan eta deserosoagoa baina baita beroagoa ere. Sabaia esterekin forratzen ikasi dugu, denda are gehiago isolatzeko eta goizero antzigarra aurpegi gainera erortzen zaigularik ez itzartzeko.

Edozein kasutan, zero azpiko gauak eramangarriagoak bilakatzeko, hiru adiskide leihal ditugu: Behe Kanpalekurako moduko ganorazko lozakua, oinetarako ur berodun poltsa eta ‘pee bottle’ deritzona –ezinbestekoa– kanpora ateratzeko beharrik gabe pixa egitea ahalbidetzen diguna. Egunean zehar, ordea, aurreneko eguzki izpiak sentitu bezain pronto (halakorik badenean), kremailerak zabaltzen ditugu lehenbailehen, dendak aireztatzeko eta antzigarrak hezetutako lozakuak lehortzeko.

Higieneari/dutxei… dagokion atala kasik hobe da ez aipatzea… askorik ere ez baitago kontatzeko. Oraingo honetan ez daukagu komun-dendarik, eta hortaz nork bere txokoa bilatzen du inguruan pala hartuta komun bilakatuko duen espazioa zabaltzeko elurretan. Hemen ‘full-body’ esaten diogun dutxa horietako baterako hainbat litro elur urtu behar direnez, luxuzkotzat dugu (erlatiboa, sekulako hotza pasa behar delako horretarako) eta soilik behin gozatu dugu halakorik espedizioa hasi zenetik. Burua maizago garbitzea bai posiblea da, beti ere txanpua aldez aurretik desizoztu ostean eta sukaldeko sua piztuta baldin badago, berorik gabe segundu bakar batzuk nahikoa baitira ile bustia izoztu eta gogortzeko.

EGUZKI PANELAK ETA HONDAKINEN KUDEAKETA

Abendu amaieran hona iritsi ginenean baino eguzki ordu gehiago ditugu orain; orduan bi ordu eta erdi eskas izaten ziren, orain ia bost izaten dira, eguzki panelen bitartez energia eskuratzea errazagoa bilakatu da. Energia hau, generadoretikoa bezalaxe, transformadore batera doa eta honi esker kargatzen ditugu telefonoak, ordenagailuak, kamerak… eta bestelako gailu elektronikoak.

Bestalde, ingurumenean eragiten dugun inpaktua murrizteko saiakeran, sortzen ditugun hondakinak bereizteko konpromisoa hartu dugu, nahiz eta ez dugun ukatuko lagun ditugun pakistandarren kontzientziak iraultzea borroka antzu samarra denik.

Hondakin organikoetarako, sareta batek estalitako zulo handi bat zabaldu dugu elurretan, bide batez gauero azerien jantoki bilakatzen dena.

Pilak nahiz gas bonbonak bereiztu, eta paper zein kartoiak erre egiten ditugu espedizio amaieran behera jaitsi beharreko hondakin bolumena txikitzeko. Ez da ideala, badakigu, baina herrialde honetan urte luzez egin denarekin alderatuta aurrerapauso galanta da.

Lehengo batean Simone Morok zioen neguko espedizioak gehiago direla joko psikologiko bat erronka fisiko hutsa baino. Zentzu horretan, hotza, deserosotasunak eta nostalgiak ez dira sekula guztia bertan behera uzteko arrazoi izango Behe Kanpalekua adiskidetasun eta elkartasun habi den artean..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK