• 10
    Feb
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/02/10

Badira bost bat egun BK honetatik azken albisteak igorri genituenetik, eta egia esateko berri esanguratsurik gabe jarraitzen dugu.

Negua hastearekin batera Nanga Parbateko (8.126m) Diamir isurialde honetara hurbildu ziren bederatzi eskalatzaileetatik soilik Alex Txikonek, Ali ‘Sadpara’k, Simone Morok eta Tamara Lungerrek jarraitzen dute ahaleginean; talde bakar gisa uztartuta, tamalez, tontor saiakera abiatzeko aukera emango dien eguraldi aldaketa egonkor baten zain segitzen dute. Berez, bi aste baino gehiago 5.100 metrotik gora ezin jardun ostean, galdutako aklimatazio puntua berreskuratzeko balio izango dien leiho txiki bat behar dute lehenik, 2Kra edo 3Kra igo eta han goian gauren bat pasatzea ahalbidetuko diena. Ondoren, aurreneko leiho iraunkorra heldu bezain pronto, berriro ere BKtik gorantz abiatuko lirateke, oraingo honetan gailurrerantz.

Halakorik ez da gertatu ordea, oraindik ez bederen. Eguraldiak nahasita gaitu gero. Egia da aurtengo hotza ez dela iazkoa bezain muturrekoa (nahiz eta tenperatura aise jaisten den –15ºCra arratsero, baita –20ºCra edota –25ºCra tarteka), baina Jet Stream indartsu batek hegomendebaldeko haize zakarrak ekarri ditu egunotan kota garaietara, Behe Kanpalekura apenas ezer heldu zaigun arren.

Haizea ez denean, elurra da lau eskalatzaileen martxa oztopatzen duena. Iragan urtarrilaren 29an, BKtik oso gertu, plaka desprendimendu batek Txikon harrapatu zuen azpian, zorionez ondorio lazgarririk gabe. Otsailaren 5ean, gisa honetako beste kronika baten bitartez jakinarazi genuenez, ‘Sadpara’ eta Moro 1Kra hurbildu ziren bezperan Messner bidea goitik behera orraztu zuen elur-jausi itzel baten lekuko izan ginelako eta dendaren egoera bertatik bertara behatu nahi zutelako (orduko hartan kanpalekua onik aurkitu zuten). Eta duela bi egun –otsailaren 8an– urratsa eta sasoia mantentzeko asmoz 1Kra (4.800m) egiten dituzten ohiko irteera horietako batean zehar, lau alpinistek gertutik ikusi ahal izan zuten beste plaka askatze batek utzitako arrastoa: izotz eta elur tonak 5.150m-tik (Kinshofer Hormaren oinarrira heltzen den couloir-aren hasieratik) 4.700m-ra arte erorita, 1Kranzko bidearen zati bat zeharo aztoratuta. Astelehenean bertan –otsailaren 8an– 1K-ko denda (4.800m) elur azpian topatu zuten, ziur aski egunotan hain ugariak izaten ari diren elur-jausietako baten ondorioz. Elurra gainetik kendu, denda bere onera ekarri eta estalduran zuloren bat edo beste josi ostean, beheranzko bideari ekin zioten, BKrantz; eta hain justu glaziarreko azken metroetan zirela, sekulako izotz masa erori zen Mazenoetatik behera, Nanga Parbateko gailur-trapeziotik gertueneko muturretik behera “Uuuuuaaaauuuu! Honek bai 1K irentsiko du…!”. Beharbada, zorionekoak bagara, elur-hautsa besterik ez zen izan 1K astindu zuena –ez dakigu–, baina ikusi genuena benetan txundigarria izan zen eta uhina Behe Kanpalekura arte heldu zen beste behin, bidean dena –baita eskalatzaileak beraiek ere– zurituz.

1Kranzko (4.800m) ohiko irteera hauek –batzuetan txandaka, bestetan taldean– dira uneotan Txikonek, ‘Sadpara’k, Morok eta Lungerrek mugitzeko duten aukerarik onena edo bakarra, behintzat Nanga Parbatek berriro ere bere ateak zabaldu artean. Honela, gihardura galtzea ekiditeaz aparte, bideko zatirik lauenean urratsa zabalik mantentzea lortzen dute, elur gehien pilatzen den tartean hain zuzen. Alpinismoak –bereziki negukoak– asko du pazientziaz itxaroten jakitetik eta itzulbiderik gabeko tranpa bilaka daitezkeen egoerak indarrez ez bilatzetik. Lauek itxaropentsu jarraitzen dute, amesten duten aukera lehenago edo beranduago etorriko dela sinetsita daude..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK