• 5
    Feb
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/02/05

Badirudi gaur zabaltzekoa zen leiho laburra zenbait orduko atzerapenarekin helduko dela. Halamoduko egunak izaten ari dira hemen Behe Kanpalekuan, nahiko atseginak (batzuk besteak baino eguzkitsuagoak, temperatura ere aldatzen da batetik bestera), baina egunero ikusten eta entzuten dugu haizea erruz eta zakar dabilela han goian, 1Ktik (4.800m) gorako edozein saiakera ezinezko bilakatuz; egoera frustrantea oso.

Aurreko egun hauetan, horrenbestez, lau eskalatzaileek –Txikon eta ‘Sadpara’, eta Moro eta Lunger– glaziarean gora eta behera txandaka aritzea baino aukera hoberik ez dute izan; urratsa mantentzeko batetik, eta, era berean, giharrak eta sasoia ez galtzeko.

Ali ‘Sadpara’ eta Simone Mororen txanda gaur. Atzokoan Messner bidea orraztu zuen elur-jausi itzel baten lekuko izan ginen, haize eta elur uhina Behe Kanpalekuraino iritsi zen, eta hain justu horregatik hurbildu nahi izan dute 1Kra (4.800m) dendaren egoera aztertzera. Zorionez, haizeak fijazioak kaltetu baditu ere, denda onik atera da. Gorago ere jarraitu dute, 5.200m arte gutxi gora behera, eta aurreneko izotz luzeetara arte –lehenengo soka finkoetara arte– baldintzak onak direla ikusi ahal izan dute bertatik bertara –elur gogorra eta ez oso sakona–.

Hauek behera itzuli ostean, arratsaldez, Txikon, ‘Sadpara’, Moro eta Lunger berriro ere bildu dira aurreikuspen meteorologikoek diotena interpretatzeko eta, hala, datozen egunetarako balizko estrategia bat marrazteko.

Litekeena da, nahiz eta Nanga Parbat honetan zuhur baino zuhurrago jokatzen ikasi dugun egoera goizetik gauera aldatzen delako maiz, otsailaren 7, 8 eta agian baita 9a ere erabilgarriak izango direla rotazio berri baterako; ez dirudi, ordea, 3Ktik (6.700m) askoz harago iristeko adina iraunkorra izango denik leihoa. Hala ere, 12 egunez 5.100 metroetatik gorago ezin aritu ostean galdutako aklimatatzio puntua berreskuratzeko balio izango die. Ahal den neurrian mugitzea da orain helburua..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK