• 2
    Feb
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/02/01

Izan ere, Tamara Lunger-ek berak duela hainbat egun bere Facebook kontuan aurreratu bezala, Simone Moro buru duen kordada Alex Txikon eta Ali ‘Sadpara’ri batu zaie Kinshofer bidean.

Bi italiarrek amaitutzat eman dute Messner-Eisendle bideko saiakera, honen baldintza arriskutsuak tarteko –“serac-a erortzekotan da eta arrakalak gero eta gehiago irekitzen ari dira”. Lunger-ek zioen, baita ere, jakin badakitela sokak finkatzeko lanaren “zatirik handiena” egina dagoela jada, kontziente direla, eta “horretan parte hartu ez izana” desatsegina zaiela . Hala ere, laurek konpartitzen duten gogoak eta motibazioak bideragarri egin du akordioa.

Aurrerantzean, norabide berean uztartuko dituzte indarrak, eta aurreneko pauso bateratua eman dute jada: Gaurkoan, goi kanpalekuetan zakarra izan bada ere, haizeak etena eman du 5.500m-tik behera, eta hala, lau eskalatzaileek urratsa berriro ere zabaldu ahal izan dute 1Kraino (4.800m), eta gorago ere jarraitu dute 5.100m arte (2015eko neguko espedizioko 1K).

Txikonek eta ‘Sadpara’k erruz aldatua topatu dute terrenoa 2Ktik jaitsi ziren hartatik, urtarrilaren 24tik: izotz zati handiak erori dira bidearen zati bat ingurtzen duten serac-etatik, eta arrakalak ere nabarmen zabaldu dira. Egunotako haize zakarrak elur kantitate handiak pilatu ditu glaziarraz bestaldeko lehenengo maldetan eta, beraz, tentuz eta zuhurtziaz aritu dira gaur, beti ere balizko elur-jausien aurrean erne.

Denda sokekin hobeto finkatu ostean, Morok eta Lunger-ek aurrerantzean eskalatzeko behar izango duten materiala depositatu dute 1K honetan, eta baita lau lagunentzako moduko denda bat ere, 3Kra (6.700m) igoko dutena. Gogoratu Txikonek eta ‘Sadpara’k sokak, eskaltzeko materiala, janaria eta gasa igoa dutela 3K horretara. Dena dela, horri ekin aurretik egun batzuez zain jarraitu beharko dute, aurreikupen meteorologikoak ez baitira oso baikorrak.

Bestalde, dagoeneko nahiko jakina zen zerbait argitzea komeni da: Alex Txikon eta Daniele Nardi italiarraren arteko kolaborazioa ezinezkoa bilakatu da. Arrazoia: ageriko eta etengabeko desasdostasunak espedizio honi heltzeko moduari dagokionean –lan erritmo, lehentasun eta zenbait gertakizunen gaineko interpretazio ezberdinak; eta desadostasunak, baita ere, Behe Kanpalekuan izandako hainbat jokabideren inguruan–..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK