• 29
    Jan
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/01/29

Alex Txikonek eta Ali ‘Sadpara’k urratsa zapaltzea zuten gaur goizerako plana, izan ere, egunotako haize zakarrak elurra mugitu du bidea guztiz estaliz. 1go Kanpalekura arte (4.800m) iristea zuten buruan, ez harago, ufadek ez baitute atsedenik ez eta gehiagorako aukerarik ematen.

Baina euren asmoa bertan behera geratu da sustoa bera baino ondorio larriagorik eduki ez duen istripu bat dela eta. Eta, hain justu horregatik edo orduan, arriskuz kanpo ginela ziur jakin dugunean, eta Alex Txikon, elur azpian egonagatik ondo zegoela ulertu dugunean, hartu dugu orain partekatu nahi ditugun argazki hauek egiteko denbora.

Alarmismo faltsuak sortzetik urrun (ez dago horretarako arrazoirik), garrantzitsua deritzogu irudiok erakustea guztiontzat ikasgai gisa joka dezaketelako; mezua argia da: mendia eta bere arriskuak ez ditugu INOIZ gutxietsi behar, ez da komeni SEKULA arreta galtzea, izan ere, zure bizia akabatu dezakeen istripuak ezustean harrapa zaitzake Behe Kanpalekutik kilometro gutxira.

Halaxe izan baita. Glaziarreranzko sarrerako kanal txikian, BKtik distantzia eskasera, elur plaka bat askatu –haize plaka bat– eta eskalatzaileen gainera jausi da azpitik pasatzen ari zirela. Ihes egiteko astirik gabe, elur-pilak Alex Txikon harrapatu eta kasik guztiz estali du; honek, ordea, bere bularraldea estutzen zuen elurra gainetik kendu ahal izan du, ondo arnasteko. Ali ‘Sadpara’ bere kidea laguntzera heldu da berak ere bere hankak elur azpitik atera bezain pronto. Bi eskalatzaileekin batera zegoen kazetariak Txikon, ‘Sadpara’ eta bera ere ongi eta arriskuz kanpo zeudela ulertu duenean ekin dio argazkiak egiteari.

Halako istripuak ohikoak izaten dira haizeak eta hotzak elur plaka gogorrak eratzen dituztenean –haize plaka deritzon hauek haizeak garraiatu eta pilatutako elur kapa konpaktu eta zurrunak dira–, bigarren elur kapa, jatorrizkoa, biguna, estaliz.

Sustoaren ostean, 1Kranzko bideari heldu diote berriro ere, baina kanal horretan bertan bigarren plaka bat, txikiagoa, erori da, eta horrek gaurko plana alboratu eta Behe Kanpalekura bueltatzera behartu ditu. Badirudi egun batzuk pasa beharko direla elurra egonkortu arte..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK