• 28
    Jan
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/01/28

Gaurkoa bezalako egun ezinezkoetan, zer hobeagorik sukaldeko suaren bueltan bildu, hizketan jardun eta ondokoari buruz gehiago ezagutzea baino…

Ikramatjan Naqepa (Fairymedow, 1979), ‘Txatxu’ adiskideentzat, espedizioa amaitu bitarte Behe Kanpalekuan gurekin egongo den polizia agenteetako bat da. Harro paratu da argazkirako, Kalashnikov AK47a eskuetan duela. Dudarik gabe, beretzat eta bere kideentzat benetako ohorea da atzerritar baten kamera aurrean hala agertzea.

2013ko ekaineko erasoaldi hartan 11 lagunek hemen bizia galdu zutenetik, Pakistango Gobernuak, bere Turismo Ministeritzaren bitartez, bailara honetara datorren espedizio edota trekking talde oro behartzen du poliziak eskoltatuta egitera, atzerritar bakoitzeko gutxienez agente bana onartzera alegia. Printzipioz, doako modura aurkezten duten zerbitzua da, baina errealitatea oso bestelakoa da, izan ere (gutxienez gurea bezalako neguko espedizioen kasuan) agentziek, eta beraz azken finean guk bezerook, eman edo ordaindu behar izaten dugu agente hauen janaria, arropa eta bestalako materiala (lozakuak, dendak); aurrekontuetan aintzat hartzeko moduko gastua, dudarik gabe.

Hamid Mir kazetari pakistandarraren arabera, azken hiru-lau urteotan, bertako Gobernuak aurrekontuen %95 bideratu du bere indar armatuetara (Ejertzitoa + Polizia) eta Waziristan berreraikitzera nahiz errefuxiatuen afera kudeatzera talibanen aurkarko gudaren ostean.

Egun ere, Nawaz Sharif lehen ministroa kopuru erraldoiak bideratzen ari da Indiaren aurkako disuasio gerrara eta, orain baita ere, Txinatik etorritako milaka langileen segurtasunera. Behargin hauek Karakorum High Way errepidean ez ezik, Pakistango inoizko presa handiena izango den horretan dihardute lanean, Indo ibaian, Chilasen, eraikitzen ari diren horretan. Esate baterako, Baltoro glaziarrera bidalitako batailoia 700 soldaduk osatzen dute, eta Gilgit-Baltistan ipar probintzian 6.500 poliziak dihardute. Neurriz kanpoko datuak dira, sinesgaitzak, oraindik ere biztanleriaren zati handi bat (gehienbat landa guneetakoa) baldintza lazgarrietan bizi den herrialde batetaz ari baikara; argindarrik eta iturriko urik gabe, oinarrizko hezkuntza unibertsalik gabe, non ezkontzak oraindik ere aldez aurretik adosten eta ezartzen diren, non emakumeak hamalau urterekin hasten diren umeak edukitzen, etorkizunerako hazketa, garbiketa eta zaintza beste aspirazio eta aukerarik gabe.

Nolabait, 2013ko erasoaldia ere bada Gilgit-Baltistan lurralde honetan segurtasun aurrekontuak handitu izanaren kausetako bat. Aitzitik bertako herritarrek diote xiien eta sunien arteko erlijioagatiko gatazka, oraindik badirauen arren, nabarmen baretu dela eta egoera normalizatu egin dela. 2014 eta 2015 urteetan, Daimer barrutiko (Diamir bailara barne) polizia agenteek aurreneko aldiz jaso dute entrenamendu espezifikoa ejertzitoarengandik eta honen baitan: praktika saio hauek mendi garaietan segurtasun eta erreskate lanetan aritzeko gaitu dituzte, ustez.

Ikramatjan Naqepa ‘Txatxu’ da, hain justu, iragan udan zehar Rattu-ko Army High Altitude School delakoan, Astore inguruan, formazio hori jaso zuen 100 gizonetako bat (emakumerik ez zen han). Baina bera ez da edozein, harrotasunez argitu digu. Bere promozioko lehena izan zen, ikastaroaren amaieran gainditu beharreko probetan kalifikaziorik onena lortu zuen eta, ondorioz, ohiko ziurtagiria entregatzeaz gain, 5.000 rupiarekin (50 bat euro) eta domina batekin ere saritu zuten.

Lehenago gurekin izan diren beste agente batzuk ez bezala, ‘Txatxu’ borondate handiko gizon adeitsua da; iaz ere egon zen hemen, eta oinetako izozketa arin batzuen ondorioz sei egun pasatu zituen ospitalean gero. Argazkiak erakutsi eta sutsuki jardun da guri ulertarazi nahian beraiekin lasai egon gaitezkeela, “esku onetan” gaudela. Azaldu digu 80 eguneko ikastaro trinkoa izan zela, teoria orduak eta praktikak konbinatuz: tiro-ariketak, praktikak errekan baita ere, izotz-eskalada, rapelak, orientazioa, lasterketak… “Ejertzito pakistandarreko kargu gorenak arduratu ziren guri irakasteaz, eta Azerbaijandik etorritako hiru kapitain ere aritu ziren gurekin batera”; hamar urte honetan daramatzan pakistandar baten buru-eskema eta balore-ordenaren prismatik, benetako ohorea.

Aldiz, ‘Txatxu’k baditu bestelako ideiak etorkizunerako: “Goharabad-eko kuartelean 32.000 rupia irabazten ditut hilabetean (320 bat euro), ez dago batere gaizki beste soldata batzuekin alderatuz gero, baina esan liteke kuartelean bizi naizela, nire herritik eta familiagandik urrun”. Eta hala da, hilabetean asko jota hiru edo lau egun izaten ditu libre (beti ere eskatuz gero), nahiz eta aitortu digun tarteka, gauez eta nagusiak ez daudenean, ihes egiten duela. Kontrol puntuetako ohiko txandekin konplitzeaz aparte, bere egitekoa “akziorako prest egotean” datza, ez besterik. Aspergarria inondik ere; denbora libre asko, baina aukera gutxi.

Hortaz, ‘Txatxuk’ alternatiba bat du esku artean: ostatu txiki bat altxatzen ari da bere jaioterrian, Fairymedown, Nanga Parbaten Rupal isurialdean, Behe Kanpalekutik hiru ordu eskasera. “Zimenduak prest ditut jada, diru gehiago ingresatzen dudanean hormekin hasi nahiko nuke. Ostatua martxan eduki eta nahikoa diru egiten dudala ikusten dudanean, polizia zerbitzua utzi eta andrearekin nahiz lau seme-alabekin bidaiatuko dut”. Ez zaio loteria egokitu, baina zorionekoa da. Izan ere, Pakistango Gobernuak 25.000 dolaretan baloratu ditu (momentuz 6.000 besterik ez ditu jaso) Chilasen saldu berri dituen lurrak; Txina argindar eta harribitxien ustiaketa librearen truke finantzatzen ari den presak ur azpian utziko ditu hektareak, hain zuzen.

‘Txatxu’ ez da bakarra, ordea. Inguru honetako familia askoren zenbakiak eta kontuak errotik aldatu dira goizetik gauera eta, nolabait, guk geuk ere nabaritu dugu aldea zeharkako moduan bada ere. Bertako gidak, Attaullahk, espedizio hasieran aitortu zigun aurten inoiz baino zailagoa izan dela zama-lanetarako prest dauden gizonak topatzea: “Lurren salmentari esker, jendea azkar aberasten ari da hemen eta beraientzat jada ez da beharrezkoa hotza pasatzea diru gehiago eskuratzeko”. Zamari gutxiago, zerbitzu garestiagoa; iaz baino ia mila rupia gehiago (10 euro gehiago) bakoitzeko. Ikusi beharko nola edota zer bilakatzen den Pakistandar Gobernua (hobeki esanda, Txina) zonalde honetan injektatzen ari den dirua..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK