• 23
    Jan
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/01/23

Txikon buru duen taldeak bere helburua bete du: bidea 3Kra arte (6.700m) ekipatzea lortu dute. Aldiz, gaua altuera horretan pasatzearen ideia alboratu dute, izan ere, 24 ordu baino gutxiagoren buruan 160km/h haize ufadak helduko direla diote aurreikuspen meteorologiko berrienek. Une honetan, 2Kn, zaku barruan, atseden hartzen ari dira; hala, bihar goizean handik beheranzko bide labur eta bizkorragoa egin ahal izango dute Behe Kanpalekuraino, haize zakarra neurri batean saiestuz.

Goizeko 08:00etatik arratsaldeko 17:00ak arte; bederatzi orduko lana 2K eta 3K bereizten dituzten 500 metroak ekipatzeko lana amaitzeko. “Aurreneko orduak hotz-hotzak izan dira, itzaletan; eskerrak 6.500m arte behintzat bagenituen Alik eta biok aldez aurretik finkatutako sokak”, zioen Txikonek walkie bidez.

Aldiz, 3K arteko (6.700m) azken 200 metroak izotz bizian eskalatzekoak dira ia osotasunean, eta Lemoakoak aitortu digunaren arabera, uste baino gehiago kosta zaie: “Egia esateko, ez genuen uste hainbeste ordu behar izango genituenik. Izotza gogor-gogorra dago, behatzak eta bikiak leher eginda ditugu kranpoiekin hainbeste sakatu ostean”.

Hala ere, pozik eta asebeteta ageri dira, 6.700m-ra heldu izana duen garrantziaz jabetuta. Dudarik gabe, pauso gakoa izan da gaurkoa, tontor saiakera buruan abiatu dezaketen hurrengo saioari begira.

Gaurko egunean zehar, orotara, 400 metro soka finkatu dituzte eta hainbat estaka, izotz-torloju eta iltze utzi dituzte 3K horretan; ez dute, ordea, dendarik igo, sorbalda gainean “nahikoa zama” zeramatelako bestela ere.

Neguko Nanga Parbat (8.126m) honen ezaugarri berezietako bat baldintza meteorologikoen etengabeko aldakortasuna da: egun zoragarriak espero genituen astelehenera arte –hilak 25–, baina orain badirudi haize zakarra datorrela hamar bat egunerako. Mendian aritzea, beraz, ezinezkoa izango da. Dena den, baliteke aldaketa berri batek ustekabean harrapatzea beste behin. Momentuz, Txikon, ‘Sadpara’ eta Nardi Behe Kanpalekuan espero ditugu bihar..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK