• 22
    Jan
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK).
Txikon, ‘Sadpara’ eta Nardi gorantz abiatu dira, beste behin. Ikusi beharko noiz arte irauten duen eta zenbaterako aukera ematen dien ustez 25era arte luzatuko den leiho honek.

Saio gogorra baina eraginkorra gaurkoa: Hiru eskalatzaileak goizeko 03:00etan itzartu dira (23:00ak etxean), 03:30ean gosaria, eta 04:00etarako martxan, zuzenean 2Krantz (6.100m). Bi ordu eskasean heldu dira 1Kra (4.800m); bertan arnes nahiz kranpoiekin ekipatu eta gorantz jarraitu dute altuerako lehenengo kanpaleku honen eta Kinshofer Hormaren oinarriaren arteko couloir-erantz.

Eguerdiko 12:30ak aldera, prismatikoei esker, BKtik bertatik bistaratu ahal izan ditugu haitzezko paretaren behekaldean; eta 15:30ean jaso dugu euren konfirmazio deia: 2Kn zeuden (6.100m), denda barruan.

Horrenbestez, 10 eta 11 ordu bitarte behar izan dituzte 2.200 metroko malda pilatua gainditzeko. Aipatutako couloir horren lehen metrotan orain bi egun bota zuen elur pilatuaren aurka aritu behar izan dira, soka finkoak elurpetik ateratzen. Bakoitzak 200 metro soka eta bi gas kartutxo eraman ditu gainean, eta beraz, eguraldiak aukera emanez gero, 3Kraino (6.700m) ekipatzen jarraitzeko adina material dute han goian.

Gaurkoa hirugarren gaua izango da Txikon eta ‘Sadpara’rentzat 6.100 metrotan, baina aurrenekoa Nardirentzat. Era berean, komeni da gogoratzea Txikonek eta ‘Sadpara’k 6.500m arte ekipatu zutela bidea aurreko saioan.

Marek Klonowski 7.000 metrotan
Txikonek pozarren jakinarazi digu lehenengo aldiz lortu dutela Rupal isurialdean diharduen espedizio poloniarraren irrati frekuentzian sartzea. Zehazki, elkarrizketa laburra izan bada ere, Marek Klonowski-rekin kontaktatzea lortu dute. Antza, 7.000 metrotan da poloniarra uneotan, nahiz eta, ongi ulertu badugu, bihar beheranzko bideari ekiteko asmoa duen. Ez dakigu nor gehiago dagoen denda barruan berarekin.

Revol eta Mackiewicz 7.300 metrotan
Bestalde, Simone Morok walkie bidez helarazi digunaren arabera (bera satelite bidezko mezuei esker komunikatzen da Elisabeth Revol eta Tomek Mackiewicz-ekin), kordada frantziar–poloniarra 7.300 metrotan zegoen gaur goizeko 11:00etan (baina gailurretik oso distantzia luzera). Denda barruan zeuden, eta oso nekatuta eta hotzez egon arren, tontor saiakerari heltzeko borondatea baieztatu diote Moro italiarrari; aurtengo neguko aurreneko tontor saiakera litzateke Nanga Parbat honetan. Italiarrak esku artean duen meteo aurreikuspenek, ordea, haize aldaketa bortitza aipatzen dute biharko, eta are gogorragoa etzirako. Hortaz, orain arte egin bezala, mezu bidezko komunikazioa erabili du bikoteari eguraldi aldaketa honen berri emateko eta, adierazi digunez, espero du informazio hau ezagututa tontor saiakera alboratu eta beheranzko bideari ekitea bihar bertan. Oraindik konfirmatzeke dagoen balizko aukera bat da, baina itzulera gogorra izango da, ziur, astebete baino gehiago altueran daraman bikote frantziar-poloniarrarentzat.

Moro eta Lunger beherantz
Kordada italiarrak ere gaur goizean goiz ekin dio rotazio berri bati, biharko egunean zehar euren 3Kra heltzeko asmoz. Mororen deia jaso dugunean, baina, 1Kn ziren eta BKra bueltatzea zuten buruan, lehenago aipatu dugun eguraldi aldaketa dela eta..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK