• 17
    Jan
    , by Alex

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016/01/17

Goizeko 8:00etan jaso dugu Behe Kanpalekuan bi eskalatzaileen lehenengo deia: “Gaua oso hotza izan da, –30ºC, baina martxan jartzeko prest gaude”. Eta halaxe izan da, prismatikoei esker ikusi ahal izan ditugu 2Ktik ateratzen eta aurreneko elur-ertzean gora abiatzen.

Arratsaldeko 16:00etan berriro ere kontaktatu dute 2Kn bueltan zirela komunikatzeko: “Guztira 500 metro soka sartu ditugu, 3Ktik (6.700m) 200 bat metrora geratuko ginen”. Gehienbat terreno mixtoan aritu dira gaur, eta eguzkitan (aurreko egunetan ez bezala). Biharko plan gisa 2K-ko denda desmuntatu eta guztia bertan depositatuta uztea dute buruan, BKranzko bideari ekiteko. Beheranzko bide horretan, Kinshofer Horma “ganoraz” ekipatu nahi dute –aurreko egunea iaz fijatutako soka zaharrak baliatuta eskalatu zuten–. Aurreikuspen meteorologikoen arabera, oraindik ere badatoz eguraldi oneko zenbait egun, baina Txikon eta Sadparari ezinezkoa izango zaie bidean gora jarraitzea soka falta zaielako: “Nahiz eta atzo Ali eta biok sorbaldan hogeina kilo hartuta igo ginen honaino, soilik bion artean ezinezkoa izan zaigu 3Kra (6.700m) iritsi ahal izateko adina soka porteatzea hona goraino –2K–“, azaldu du Txikonek.

Zertxobait goizago hasi nahi zuten gaurko saioa, baina atzokoa –asteartea, hilak 16– egun luzea izan zen zinez: Gaueko 22:00ak pasatxo ziren BKra deitu zutenean; 2Kko denda barruan eta elurra urtzeko prest zeuden.

Bestalde, Bielecki eta Czech poloniarrek beren gauza guztiak 1Ktik eta goragoko deposituetatik BKra jaisteko erabili zuten atzoko eguna. Adam Bielecki berak gaur jakinarazi duenez, espedizioa amaitutzat jo dute eta laster ekingo diote etxeranzko bidaia luzeari: arrazoi nagusi gisa, saiakera alpinoaren porrota eta eguraldi txarra aipatu dituzte.

Bihartik aurrera, Txikonek eta Sadparak BKn atseden hartuko dute hurrengo rotazioari ekin arte..

ERLAZIONATUTAKO EDUKIAK