Beste negu batez, hemen nago, Nepalen. Hirugarren urtez jarraian, planetako zortzigarren mendirik garaienera igotzen saiatuko naiz: MANASLU (8.163 metro).
Urduri nago, baina zerbaitek esaten dit aurten desberdina izango dela. Inoiz baino indar gehiagorekin sentitzen naiz, inoiz baino motibazio handiagoa daukat. Aurreko bi neguetan asko ikasi dut mendi honi buruz eta hemen nago berriro, talde izugarri batekin, amets hau lortzeko.
Hilabete baino gehiago daramat Himalaia mendikatearen inguru zoragarri honetan… neure burua egoera honetara moldatzen, egokitzen.
Joan den azaroaren 24an abentura berri bati ekin nion; Makaluko Oinarrizko Eremurako treking berri bati, Iñaki Ochoa de Olza – SOS Himalaya Fundazioko taldearekin batera. Esperientzia ezin aberasgarriagoa izan zen, zeinetan herri honen eta bertako jendearen magiaz gozatzeko aukera izan dudan. Zalantza barik bertaratzen zaren lehenengo momentutik harrapatzen zaituen lekua da hauxe.
Bidean zehar, makina bat geldialdi egin ditugu. Kunghma eta Seduwa bisitatu ditugun herrietako bi baino ez dira, harrapatzen zaituzten lekuak, duda barik, berdin dio zenbat aldiz itzultzen zaren. Bertan, denek irribarre handi batekin hartzen gaituzte, beti; haien begirada samurrak, distira hori… Dena ematen dute ezer espero gabe, beti edozer zor diedanaren sentsazioa daukat.
Eta Makaluko Oinarrizko Basearen helburua lortu ondoren, Katmandura itzuli ginen motxila berregiteko eta erokeria eder batean murgiltzeko, hitzaren zentzurik positiboenean, noski: garun-paralisia duen Zallako nire lagun Javier Lopezekin batera Everesteko Oinarrizko Kanpamentura iristea. Javier… etengabe hobetzeko grina duen pertsona berezi-berezia. Bere lagunen laguna, beti laguntzeko prest dagoena, denok gure ondoan nahi dugun adiskidea. Berarekin batera ez dira barreak eta une onak falta izan. Ezin dut hitzez azaldu irakatsi didan guztia!
Eta nola ez, inguru honetan nagoen guztietan, derrigorrezko geldialdi bat egin behar dut: Lukla. Herri txiki bat zeinetan nire bizitza pertsonal eta profesionalean gehien irakatsi didatenetako pertsona bat bizi den. Pasang Thembari buruz ari naiz, 1980ko maiatzaren 14an Everest mendia Martin Zabaletarekin igo zuen eskalatzailea, hain zuzen ere. Alpinista bikaina, eta pertsona hobea. Baina bisitan, espero ez nuen zerbait gertatu zen. Pasangek zituen entzumen-arazoen lekuko izan nintzen. Ez zitzaidan egoera batere gustatu, beraz, zalantzarik gabe, Katmandura joatera animatu nuen, mediku bat bisitatzera. Azkenik, irribarrea eta bizitzeko gogoa itzuli dioten audifonoak jarri dizkiote. Eta, hain dago pozik, ezen hasi berri dudan urteko azken erronkara astebetez laguntzea erabaki duen.
Laburbilduz, bizipenez, sentipenez eta emozioz beteriko bi treking, pilak kargatzen, mendian oinarritzen eta, nola ez, girora moldatzen lagundu didatenak. Hori guztia dela eta, hirugarren saiakera honetan neure helburua lortzea espero dut behingoz.
Zorte ona opa iezadazue!