San Mameseko ohorezko sakearen aurreko egunetan, lagun batzuek komentatzen zidaten burutik pasatzen zitzaiela ea zer sentitzen ote den hor behean, belardian, Katedraleko berdegunean.
Orain, partidu osteko erresakaren ondoren, nire esperientzia kontatuko dizuet. Hasi baino lehen, ez dut ezkutatuko aurreko egunetan sentitu nuen urduritasuna. Larri samar nengoen eta uneoro pentsatzen nuen: “Zer egiten dut nik hor!” Athleticen ligako emaitza bolada txarraren ondoren, jendeak partida ikusi nahiko du, ez ni baloi bati ozta-ozta ostikada bat ematen. Zorte pixka batekin, ez dut estropezu egiten edo ez diot norbaiti ematen, noizean behin gertatzen den bezala. Eta irrist egiten badut eta horregatik gogoratzen naute?
Horren harira, gogoratua izateaz ari naizela, zelaiaren erdian gauza asko pasatu zitzaizkidan burutik. Bihotzak gogotsu egiten du taupa eta taupada horiek bizkortu egiten dira zelaira ateratzeko eskaileretara hurbiltzean. Une horretan bertan hamaika istorio gogoratu nituen. Ondo ezagutzen nauenak badaki nireburua beti funtzionatzen ari dela, sentimenduekin nahasten diren pentsamenduak gurutzatzen dira etengabe.
Une horietako batean, hiru bizitza desberdin dituzten hiru pertsona pasatu zitzaizkidan burutik. Ez zuten elkar ezagutu, baina, ziur nago, asko zutela amankomunean.
Matia Fundazioari esker, Boni ezagutu ahal izan nuen, hain gizon ona, ezen, enbarazu ez egitearren, ez baitzuen txintik ere esaten. Hori bai, beti irribarre bat oparitzeko prest zegoen. Boni azkenekoz Rezola egoitzan ikusi nuenean eta besarkatu ninduenean, hainbesteko ontasuna eta esker ona sentitu nituen keinu hartan, non ez baitzait inoiz ahaztuko. Gizon hori hain maitatua zen Matiako langileen artean, ezen jendearen begiradan bakarrik antzeman baitzitekeen haien maitasuna. Maitasun hori dedikatu zizkidan azken hitzetan ere sentitu ahal izan nuen: “Zu bezalako lagunekin munduaren amaierara, irribarrea galdu gabe” esan zidan.
Joan den ostiralean ongietorri eder batez gozatu ondoren, modu naturalean zoriontasuna eskaintzen duen leku horietako batetik igaro nintzen. Kasu honetan, Donostiako Aquariumaz ari naiz, beti oso une bereziak biziarazi dizkidana. Maitasun handiz gogoratzen ditut Xabi eta Ariane parte hartu dugun azken filmetako paseetan lagun izan ditugu langileak. Arianek haurrei urtebetetzeak ospatzen zituztenean beti oparitzen zien bere irribarre polit hori eta guri, nagusiei, txikiek bukatzen ez zutena jaten uzten zigun. Oso pertsona berezia zen, besteei dena emateko eta oparitzeko prest zegoen eta egia esan ez zeukan berarentzat denborarik. Ez zuen inoiz irribarrea galdu.
Eta azkenik, duela egun batzuk komunikabide batean irakurri nuen Juanjo hil zela, Bilboko Tivoli kalean arrautzak eta eztia saltzen zituen dendaria. Inguruko bizilagunak eta bezeroak kandelak piztuz eta samurtasunez betetako mezu edo marrazkiekin azken agurra ematera hurbildu ziren omenaldia egitera. Nik ez nuen Juanjo ezagutu, baina ziur Boni eta Ariane bezala, pertsona adeitsua eta zintzoa izango zela.
Azken batean, berdin dio supermerkatu bateko kutxazaina, kale-garbitzailea, futbolari profesionala, igeltseroa edo alpinista bazara. Zure lanbidea edozein dela ere, lehenik eta behin pertsona ona izan zaitez eta gogoratu irribarre batekin keinu txar batekin baino urrunago iritsiko zarela.
Eta bai, taupada eta taupada artean, San Mameseko nire lehen aldia ere etorri zitzaidan burura, baita jada ez dauden lagunak eta senideak ere. Une horretan esker ona sentitzen duzu beti hor, zu laguntzeko prest egon diren pertsona horiengan. Eskerrik asko bihotz bihotzez.
Hori bai, Alex Txikon baloiari ostikada bat ematen edota 8.000ko mendizale gisa gogoratu beharrean, irribarrea eta ilusioa inoiz ez galtzen saiatzen den eta egunero edonori ongia egiten saiatzen den Alex bezala gogoratzea nahiko nuke, Boni, Ariane eta Juanjok egiten zuten bezala.