NIRI BURUZ
Lemoan (Euskal Herria) jaio nintzan, 1981eko negu-neguan. Beharbada hortik etorriko da neguko espedizinoak egiteko daukadan zaletasuna. Anai-arreben arteko gazteena naz, eta hortik etorriko jat, seguru, talde lanerako daukadan zaletasuna.
Mendia eta taldea, binomio banatuezina nire ibilpide osoan. Izan be, ez dot mendia ulertzen konpartiduta ez bada.
Mendiarenganako zaletasuna oso atzetik dator, ia oinez ibilten be ez nekianetik; hiru urtetxogaz Gorbeiako tontorrera, hazi nintzan inguruko tontorrik ikonikoenera, igon nintzan.
Nerabea nintzanetik mendiaz, naturaz, eta gizakia oraindino igaro ez dan txoko apur horreetako guztiez eta bakotxagaz maiteminduta bizi naz. Grabedadearen indarrak gure gorputzak hutsunera erakarten dituan moduan, indar bera, baina alderantziz, sentiduten dot nik tontor horreetara igotzean, gora egitean. Goian zagozanean, oraindino ez zarala goraino heldu konturatzen zara, barriro behera jaisten zaran arte.
Asko atsegin dot bidaiatzea, kultura desbardinak ezagutzea eta leku bakotxeko jentearen eskutik herri eta mendi bakotxaren historia ezagutzea. Holan, 21 urte neukazala igon nintzan nire lehenengo zortzi milakora: Broad Peak-era (8.047 m), Pakistango Karakorum-ean.
Hor hasi zan mundu osoko mendietatik egin dodan bidaia. Ordutik, 30 espedizino baino gehiagotan hartu dot parte, eta 14 zortzimilakoetatik (planeta osoan zortzi mila metro baino gehiago daukiezan 14 mendiak) 11ko tontorretara heldu naz.
Shishapagma mendia birritan igon dot (beraz, 8.000 metroko 12 tontor egin dodaz). Azkenengo hamarkadan, Himalaiako neguko espedizinoetan zentrau dodaz nire ahaleginak. Izan be, 2011tik, eten barik, proiektu horreen buru nabilen mundu osoko mendizale bakarra naz. Oso garrantzitsua izan zan 2016ko neguan lortu genduana, Ali Sadpara pakistandarragaz eta Simone Moro italiarragaz batera lehen aldiz neguan Nanga Parbatera (8.126 m) igotea
lortu nebanean. Horrez gain, 2023an Manaslura (8.163m) igotzea lortu gendun biata ere, biak neguko espedizioak eta oxigeno artifizialik barik.
Inoiz lortu ez diran bi balentria hauek lortu bitartean, ahaleginak egin dodaz neguan Everestera igoteko 2017an, 2018an, 2020an, K2ra 2019an eta 2021ean eta 2022an Manaslura.
Neure proiektuagaz aurrera jarraitu daikedala sentiduten dot: badaukat hori egiteko indarra, eta zuen laguntzak altxetan laguntzen deust laban egiten dodanean. Izan be, beti esaten dodan moduan, neu naz jarraitzen nauen jente guztiari eskerrak emon behar deutsedazana. Zeuok zarie motxilea lepoan hartzen jarraitzea posible egiten deustazuenak.
NEGUKO ESPEDIZINOAK ETA TONTORRAK
2011ko negutik, nire esfortzuak Himalaiarako neguko espedizinoetan zentrau dodaz, eten barik. Ahalegin bat bestearen ostean, arazo bat bestearen ostean, baina alpinismoak sortzen deustan grinaren tanta bat be galdu barik.
Gero eta motibauago arrokako eskaladan, 8A arteko zailtasunak lotzea be lortu dot. Seguru nago gauza asko geratzen jakula egiteko, abentura asko bizitzeko… Mendirako zaletasun handia daukan mutila izaten jarraitzen dot.
GAILURRAK
- 2012: martiaren 9an, munduko lehenengo igoerea GASHERBRUM SOUTH (7.109 m) mendira.
- 2013: munduko lehenengo gailurra LAILA PEAK (6.096 m) mendira.
- 2016: otsailak 26, munduko neguko lehenengo gailurra NANGA PARBAT (8.126 m) mendira.
- 2018: urtarrilak 20, neguko mundu mailako lehenengo errepikapena PUMORIra (7.161 m).
- 2020: urtarrilak 25, neguko gailurra AMA DABLAM (6.812 m) mendira.
- 2023: urtarrilak 06, bigarren neguko mundu mailako gailurra MANASLUra (8.163m)
NEGUKO AHALEGINAK
- 2011 GASHERBRUM 1 (8.080 M), lortutako kota, 7.100 m.
- 2012 GASHERBRUM 1 (8.080 m), lortutako kota, 7.400 m bide barri batetik. Espedizinoko hiru kideak 7.700 metrora desagertu ziran.
- 2015 NANGA PARBAT (8.126 m), lortutako kota, 7.850 m.
- 2017 EVEREST (8.848 m), hiru bider heldu nintzan 4. kanpalekura (8.000 m).
- 2018 EVEREST (8.848 m), bigarren ahalegina. 7.850 metrora heldu nintzan.
- 2019 K2 (8.611 m) 7.100 metrora heldu nintzan Abruzzitarren Bidetik, eta Tom Ballard etaDaniele Nardi Nanga Parbaten erreskatetako lanetan aritu nintzan.
- 2020 EVEREST (8.848 m) 7.050 metroraino heldu nintzan.
- 2021 MANASLU (8.163m) lortutako kota 7.100m.
- 2022 MANASLU (8.163m) lortutako kota 6.500m.