Bizitzako edozein arlotan elikadura garrantzitsua bada, are garrantzitsuagoa da ia 5.000 metroko altueran. Altuera horretan dago instalatuta gure oinarrizko kanpamentua. Eta, noski, niretzat funtsezkoa da sukaldari eta lagun handi baten laguntza izatea. Azken 4 espedizioetan nirekin etorri den Eneko Garamendi. Bera barik askoz zailagoa izango litzateke dena. Egun hauetan hainbat kontu kontatu dizkizuet, baina janariaren kontuak aparteko sarrera merezi duela uste dut. Lerro hauek Enekori, altuerako sukaldari handiari, eskerrak emateko dira.
Pentsa dezakezuenez, ez da batere erraza egoera honetan janaria prestatzea. Lehenik eta behin, janari asko igo behar dugulako hemen gauden guztiak elikatu ahal izateko. Ez da gauza bera 2 lagunentzako edo dozena batentzako janaria prestatu behar izatea (beste egun batean kontatuko dizuet nortzuk garen taldea osatzen dugunok). Eta, bigarrenik, elikagai freskoak edukitzea ezinezkoa delako eta horrek asko zailtzen duelako guztia.
Euskaldun guztioi bezala, asko gustatzen zaigu jatea (eskerrik asko BM Supermerkatuei, espediziorako janari asko eman diguzuelako), eta garrantzi handia ematen diogu alderdi horri. Galde diezaiotela bestela Simone Moro nire kordada lagunari. Lehengo egunean Enekori eskaini zizkion hitz politak hitzez hitz errepikatuko ditut: “Izan naizen espedizio guztietatik, hau da, zalantza barik, ondoen jaten ari naizena, eta alde handiarekin, gainera. Are gehiago, prestatzen dituzun janariekin amets egiten dut”. Egia esan, jan zituen babarrunen ostean, ulertzen dut dioena. Edonork gauza bera esango zukeen. Primerakoak ziren.
Gosaria –kafea tortillarekin edo arrautza egosiekin eta galletaren bat– Ringi eta Raju lankide nepaliarrek prestatu ohi dute, gurekin dauden sherpentzat lan egiten duten sukaldariek. Euren sukaldariak ekartzen dituzte beti, ez dutelako guk prestatutakoa jaten. Normalean dal baht jaten dute, Nepalgo errezeta tipikoa. Egia da Enekok beti eskaintzen diela gurea. Probatzen dute, eskerrak oso modu atseginean ematen dituzte, baina ez dira hortik pasatzen. Bakoitzaren ohiturak, nik uste. Eta niri asko gustatzen zait aniztasun eta kultura nahasketa hori guztia ikustea.
Gosaldu ostean, batzuetan hamaiketakoa egiten dugu eta bazkarirako prestatzen gara. Denetarik eta askotarikoa jaten dugu: bakailaoa, dilistak txerri-ukondoarekin, entrekotak (eskerrik asko, Carnicas Alejandro Goya!), oilaskoa, txorizoa (Palaciosek asko lagundu digu), ahatea, paellak.. Pentsatuko duzuenez, pasta izaten da plater izarra, ematen digun guztiarengatik. Enekok, gainera, denetarik botatzen dio: haragi xehatutik hasi eta kontserban dauden barazkietaraino. Kontserbez ari garela, hegaluze, antxoa edo sardinatxo kontserba asko jaten ditugu, Isabel gure babesleak emandakoak.
Esan dizuedan bezala, ezinezkoa da janari freskoa izatea, berehala izozten da eta ez da ondo geratzen. Alde horretatik, oso zaila egiten zaigu fruta jatea, oso zaila baita behar bezala gordetzea. Baina ezin dugu pentsatu etxean bezala jango dugula, Eneko taldean sartu zenetik asko hurbiltzen garen arren. Bazkalostean, arratsalde erdian, kafea gailetekin hartzea gustatzen zaigu, eta oheratu aurretik, afaldu egiten dugu. Ia beti zopa. Hartzen ditugun bi basoek egunero behar dugun uraren erdia ematen digute.
Haragia eta arraina bidoi batzuetan gordetzen ditugu, dendetatik kanpo. Han izoztuta egoten dira. Gainerakoa dendan zehar banatuta daukagu, beti ondo gordeta. Enekok dena kontrolpean (eta zainduta) dauka. Are gehiago, dena hain kalkulatua duenez, uste dut hilaren 30ean zer jango dugun ere pentsatuta duela… baina horrela eraman behar dugu, zorroztasun osoz. Esan dizuedan bezala, janaria, funtsezkoa da horrelako abenturetan. Eskerrik asko sukaldari!