Bertan izan dugu. Oso gertu. Ia atzamar puntekin ukitu genezakeen. Baina ez, ezin izan dugu Manaslu gailurrera igotzea lortu. Batzuen ustez, ezarritako helburua lortu ez dugunez, porrot egin dugu. Baina hori errealitatetik oso urrun dago. Oso pozik gaude egindako lanarekin. Eta ez dut esaten ondo geratzeagatik. Benetan sentitzen dut. Irribarre handi batekin noa, eta lasai, gure esku zegoen guztia egin dugulako eta burua hotz izan dugulako bizirik itzularazi gaituzten erabakiak hartzeko.
Hau ez da futbol partida bat bezalakoa. Horietan batzuek irabazi eta besteek galdu egiten dute. Mendian goitik itzultzen ez zarenean baino ez duzu galtzen. Eta aurten, zoritxarrez, horrelako larregi izan ditugu. Bihotzez sentitzen dut lagunak etxera itzuli ez izana. Hainbeste lotzen gaituen kirol zoragarri honen gurutzea da. Ordaindu behar izan duten bidesari garestiegia. Atseden hartu ezazue denok bakean. Mundua leku tristeagoa da eurak barik…
Gauza asko lortu ditugu aste ahaztezin hauetan. Kirol arloan eta arlo pertsonalean. Negu betean 7.100 metroraino igotzea lortu dugu, inoiz esploratu gabeko bide batetik. Ederra izan da, baina gogorra ere bai. Oso gogorra. Onartzen dut batzuetan behar baino gehiago bultzatu dugula, baina badakit berriro egoera berean egongo bagina gauza bera egingo genukeela. Kilo asko material kargatu ditugu eta metro bat elur baino gehiagorekin bidea zabaldu dugu, mantu zurian ia gerriraino estalita. Bagenekien zer genuen aurrean, eta, nolabait, horretara etorri gara. Eta lehen eta bigarren kanpamentuen arteko errimaia horregatik izan ez balitz, edo eguraldi oneko leihoak egun t’erdi gehiago iraun izan balu… Baina esaten den moduan, “Hori da dagoena”. Astia egongo da egin duguna lasaiago aztertzeko.
Maila pertsonalean ere esperientzia handia izan dela esan dut. Talde zoragarria izan dut lagun. Badakit espedizio batean kontzentratuta nagoen bitartean, eramaten zailagoa izan naitekeela. Kontzentratu egiten naiz eta barruan daramadan makina ateratzen zait.
Gozamena izan da Iñaki Alvarez bezalako lagun batekin mendira eta lehen mailako alpinismora itzultzea. Makina bat da. Pertsona lasaia, inoiz urduri jartzen ez den eta beti zuri laguntzeko prest dagoen horietakoa. Gauzak okertzen direnean eta zure bizia arriskuan jartzen duzunean denok gure ondoan gura dugun lagun mota. Simone Mororengandik ere asko ikasi dut. Nirekin hainbat kordada partekatu dituen maila goreneko eskalatzailea. Ez dut inoiz ahaztuko Sergi Mingoteren zorigaiztoko istripuaren egunean zelan mugitu zuen ahal izan zuen guztia. Berak eman zidan guztiaren berri eta badakit ezin izan zuela gehiago egin. Eskerrik asko bioi abentura zoragarri honetan laguntzeagatik. Seguru askoz gehiago ditugula partekatzeko.
Hitz batzuk esan nahi nizkioke oinarrizko kanpamentuan ondoan izan dudan talde zoragarriari. Ez zaituztet banan-banan aipatuko, ia sarrera bat beharko nukeelako bakoitzarentzat. Eskerrik asko zuei ere. Oinarrizko kanpamentuan egin duzuen lanari esker, 7.100 metrora iritsi ahal izan gara.
Eta, zelan ez, eskerrik asko, bihotzez, 39 urteko ume honek aukera honetaz gozatzea lortu duten babesle guztiei. Jakin dudan modurik onenean egin dut, baina mendian, asko prestatu arren, une bakoitzeko egoeraren menpe egoten gara. Bidaia zoragarria izan da. Esperientzia ahaztezina. Eskerrik asko!