Eguraldia zailtasun asko jartzen ari da. Elurra ari da etengabe. Egia da azken egun hauetan atseden txiki bat eman digula, baina zerua berriro estaltzen da eta hilabete bukaerara arte elur gehiago egitea aurreikusten dugu. Egia esateko, ez genuen hainbeste elur espero. Azken asteetan 3 metro baino gehiago pilatu dira eta, noski, horrek aurrera jarraitzea eragozten digu. Oraingoz. Hala ere, baikorrak gara. Ni lehena. Otsaila hilabete lehorragoa izatea espero dut.
Ia espedizioaren erdian gaude. 40 egun inguru daramatzagu eta tartea dugu aurretik. Azkeneraino saiatuko gara, baina horretarako elurra finkatzea, trinkotzea, behar dugu. Etengabe ari gara elur-jausien arriskua neurtzen, eta helikopteroz hainbat punturen gainetik hegan egitera ere iritsi gara bilakaera ikusteko. Esan bezala, asko bota du eta eremu batzuk nahiko arriskutsuak dira (Europako eskalan, 5/5). Hau da neguko espedizioetan gertatzen dena. Aldez aurretik bagenekien.
Baikorra naiz berez, eta egoera aldatuko dela uste dut. IƱaki ere iritzi berekoa da. Askotan gauzak erraz ikusten dira kanpotik, baina hona iristean mendiak bere kabuz erabakitzen du. Hori da dagoena. Ezin gara naturaren aurka borrokatu. Ulertu eta interpretatzen jakin behar dugu. Eta, jakina, pazientzia izaten eta gure unea itxaroten, egokitzen, jakin behar dugu. Ziur nago Manasluk ateak irekiko dizkigula eta hurrengo asteetan igotzen hasi ahal izango garela.
Bitartean, Samagaunen jarraituko dugu, oinarrizko kanpamentura iritsi aurreko azken herrian, itsas mailatik 3.400 metrora. Jendeak besoak zabalik hartu gaitu eta gero eta integratuago gaude bertako biztanleen artean. Primeran tratatzen gaituzte. Euren abegi onak hunkitu egiten du. Joan den astean hileta batera ere joan ginen, herriko emakume bat agurtzera. Budismoak etengabe harritzen gaitu. Gure ohituren erabat desberdina da. Kolore biziak, musika… egunero zerbait berria ikasten dugu. Eskerrik asko Samagaun!