Oinarrizko kanpamentuan gogor ari gara lanean. Hotz egiten du, hotz handia, eta altuerako lehen egunak zailak dira beti. Baina Manaslu goitik begira dago eta horrek suspertu egiten gaitu. Goizero egun on esan eta gauero atseden hartzen lagunduko baligu bezala da. Egunero ikusten dugun lehen eta azken gauza da. Aurpegira begiratzen diogu eta mendiak gauza bera egiten digula sentitzen dugu. Elkar agurtzen dugu. Elkar errespetatzen dugu. Erronka handia dugu aurrean. Gogo handia dugu.
Lehen egunak biziak eta gorabehera handikoak izan dira. Dena mila orduko bidaiarekin hasi zen, paper askorekin jarraitu zuen, eta, azkenean, Katmandura iritsi ginen. Lau gau eman genituen han, eta, bertan, logistika (130 karga baino gehiago utzi genituen antolatuta) eta lege (igotzeko beharrezko baimena lortu genuen) arloetako lanak egiteko eta dagoen gauzarik politenetako eta atseginenetako bat egiteko aprobetxatu genuen: bertakoei laguntzea. Lan txalogarria egiten duten eta aspaldiko urteetan ondo ezagutzen ditugun hainbat elkarteri eta GKEri esker egin genuen. Izugarri gustatzen zait nire aletxoa jartzea, baina badakit ezin dela alderatu eurak egiten dutenarekin. Lan ikaragarria egiten dute. Lerro hauek idazten ditudan bitartean hunkitu egiten naiz.
Material informatikoa daramagu, Iñaki Ochoa de Olza alpinista nafarraren bizitzan amaitu gabeko lankidetza proiektuak bukatzeko helburuarekin lan egiten duen ‘SOS Himalaia: Iñaki Ochoa de Olza Fundaziora’. Oso erabilgarriak izango zaizkien ordenagailu eramangarri berriak eman dizkiegu. Bestalde, aurreko aldietan bezala, batez ere neskatoek, emakumeek eta pobretutako eremuetako (Nepal, adibidez) kolektibo ahulenek pairatzen dituzten bidegabekeria- eta desberdintasun-egoerak prebenitzeko lan egiten duen Udana Nepal Fundazioari lagundu diogu.
Oso egun polita eta zirraragarria igaro genuen eurekin. Udana Nepaleko kideek asko laguntzen diote Nepalgo gizartean ia ikusezin bihurtu den sektore horri. Guk gure aletxoa jartzen dugu eta, gainera, haiekin eskalatzeko aprobetxatzen dugu. Uste dut oso ondo pasatu zutela eta zerbait desberdina egin zutela. Haien irribarreek eguna alaitu ziguten.
Azkenik, Hugging Nepal Fundazioak egiten duen lana ezagutu genuen. Harrigarria iruditu zitzaigun. Baliabiderik ez duten pertsonei jaten ematen diete, eta elkarteari esker, gutxienez, egunean kalitatezko otordu bat jan dezakete. Pandemiak iraun duen bitartean, zer jan ez zuten pertsonen oso ilara luzeak izan dituzte. Ilara horri ‘lotsaren ilara’ deitzen zaio. Nepal bezalako herrialde batean klase sozial ezberdinak ez dira elkartzen, eta ilara horretan ikusten bazaituzte, batere ondo ez doakizulako da. Hori guztia ikustea oso gogorra izan da, baina hori da errealitatea.
Eta lau egunez paperak egin, kargak antolatu eta elkarte horien lana ezagutu ondoren, Samagaunera abiatu ginen, Manasluko oinarrizko kanpamentura iritsi aurreko azken herrira, 3.000 metrotik gorako altueran dagoena. Aurten helikopteroz igotzea erabaki dugu eta pisuzko hainbat arrazoirengatik egin dugu. Lehenengoa, segurtasun- eta osasun-neurriek hala eskatzen zutelako. Zenbat eta interakzio gutxiago hemengo jendearekin, orduan eta hobeto haientzat eta guretzat. Ezin gara haiek kutsatzera arriskatu. Nahiz eta zenbait PCR proba egin genituen Katmanduko egonaldian zehar, bidean igarotzen dituzun herriekin ahalik eta interakzio txikiena izatea gomendagarria da.