Ez da izan, ezta gutxiagorik ere, buruan geneukan espedizioa. Gure abentura hasi zenean, abenduaren 13 urrun hartan, Manaslu 2022rengandik zer espero genuen galdetu izan baligute, inork ezin izango zukeen aurreikusi bizi izan duguna: 4 metro elur baino gehiago pilatu diren bi hilabete oso elurtsu, eta eguraldi oneko leihorik ez. Saiatzea ere ezinezkoa izan da. Mendiak ez digu aukerarik eman.
Horrelako espedizio bat prestatzen duzunean, egoera posible guztietan jartzen saiatzen zara. Zelan ez, guztien gainetik gailentzen dena helburua betetzen ikustea da, baina ez da, ez bakarra, ez garrantzitsuena. Denok espero duguna etxera onik itzultzea da, eta hori, zorionez, lortu dugu. Une bakar batean ere ez dugu gure bizitza arriskuan jarri.
Hala ere, ez zen gure kinieletan sartzen Manasluk bere ateak inoiz ez irekitzea. Ez dugu astebete bakarreko denbora egonkorrik ere izan! Egia da gure espedizioak neguan egiten direla eta elurteak eta haize bortitzak izateko aukerak handiagoak direla udaberrian edo udan egon daitezkeenekin alderatuta. Baina aurtengoa pasada bat izan da. Urte batzuk barru atzera begiratu eta espedizio hau gogoratzen dudanean, burura etorriko zaidan lehen irudia, etenik gabe oinarrizko kanpamentua babesteko ahaleginetan elurra paleatzen ari den talde osoarena izango da. Egun batzuetan 16 ordu baino gehiago eman ditugu elurra etengabe ateratzen. Saririk izan ez duen eroen lana.
Gauzak alde positibotik ikusten saiatu naiz uneoro. Urtarrilean prezipitazio handia izan ondoren, otsaila desberdina izango zela sinetsi gura nuen. Baina ez da horrela izan. 1. kanpamentua baino pixka bat gorago igotzea baino ez dugu lortu, 6.500 metrora. Ez dut esan nahi bi asteko eguraldi ona izan bagenu lortuko genukeenik. Hori ez dago jakiterik. Baina ez dugu partida jokatzeko aukerarik ere izan!
Ez dut ukatuko. Etsita itzultzen gara. Mugitu dugun guztia mugitzea honaino etortzeko eta honekin topo egitea ez da gustu oneko platera izan. Baina ezin dugu askoz gehiago egin. Kontrolatzen ez ditugun elementuak dira. Harro nago une jakin batzuetan erabaki zuzenak hartu izanaz. Gure esku egon dena ondo kudeatu dugu. Adibidez, urtarrilaren amaieran gertatutakoa. Elur kantitatea ikusita eta elur-jausi arriskua aztertu ostean, taldearen segurtasunerako onena Samagaunera, oinarrizko kanpamentura iritsi aurreko azken herrira, jaistea zela erabaki genuen. Babes bila joan ginen. Hurrengo egunean, elur-jausi batek kanpamentuaren zati bat eraman zuen. Ez ginen oker ibili. Mendia oso arriskutsu zegoen.
Bi hilabete luze izan dira, eta ahalegin guztiak egiten saiatu gara. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet aste hauetan adorea eman didaten guztiei. Zuen beroa Nepaleraino iritsi da. Jakina, ez ditut nire laguntzaileak eta babesleak ahaztu gura. Zuek gabe hau ezinezkoa zatekeen. Eskerrak eman IƱaki Alvarezi eta Iker Mediavillari, lan handia egin dutelako eta asko lagundu didatelako. Eta, zelan ez, Eneko Garamendiri eta Sendoa Elejalderi, asko eman diotelako espedizioari. Beste batean izango da. Mendiek hor jarraituko dute gure zain.