Ez dago euren irribarre eta begien distira baino opari hoberik

Den-denok behar dugu laguntza gure bizitzako uneren batean. Nire bizitzan zehar, pertsona ugari ezagutu ditut atsegin handiz, bakoitza bere istorioarekin. Istorio oso gogorrak, zer pentsatu ematen dizuten horietakoak. Zin egiten dizuet testigantza horietako askok oilo-ipurdia jarri didatela, eta malko bat baino gehiago ere isurarazi didatela... Ez naiz esajeratzen ari. Ezin dut imajinatu ere egin haietako askok zein gaizki pasatu duten. Ikusi eta entzun dudan guztiari esker, konturatu naiz zein garrantzitsua den laguntzea, kolaboratzea; oso gutxirekin dena alda dezakegulako.

Beraz, Manaslu gailurrera iritsi eta Katmandun atseden egun batzuk igaro ondoren -egia esan, lo gutxi egin dugu, halere, egindako ahalegin handiaren ondoren indarberritzea lortu dugu- Oinarrizko Kanpamendura itzultzea erabaki genuen, Samagaungo bizilagunekin elkartzeko. Jende horrek besoak zabalik hartzen gaitu beti, eta laguntza ematea, egin dezakegun gutxienekoa iruditzen zait.

Manasluko Oinarrizko Kanpamentura itzuli ginenean, oso ondo lagunduta egin genuen, lagun on-onak etorri baitziren gurekin. Zer gehiago eska daiteke! Zehazki, 13 laguneko gure taldean 7 osasun-langile izan ziren (2 mediku eta 5 erizain). Bere egonaldian zehar kontsulta egin dute eta guztion artean bertako biztanleei hain ondo datorkien hainbat material erosi dugu. Medikazioa, higiene-produktuak eta bi ohe termiko. Bai, bai, ondo irakurri duzue… ohe termikoak, hau da, inkubagailu eramangarri batzuk, Okjaldhunga Patle eta Samagaunen instalatu ditugunak. Sinestezina.

Horrela esanda, pixka bat arraroa dirudi, baina testuinguruan jarriko zaituztet. Jakina da teknologia dela gakoa osasun arloko aurrerapenei dagokienez, baina zoritxarrez, gehienetan oso garestia da, eta, beraz, garapen bidean dauden herrialdeen aukera ekonomikoetatik oso urrun dago. Are gehiago, kontatu dizkizuedan istorio horien guztien artean, bereziki, bat geratu zitzaidan buruan. Noak, 33 urte baino ez zituen emakume nepaldar batek, malkoak begietan zituela, bere herrian, haur goiztiarrak zapata-kaxa batean edo kalabaza huts batean uzten zirela kontatu zidan. Lurrera erortzen zitzaidan arima. Hots, guk hemen ohiko inkubagailu bat erabiltzen dugu (60.000 eurorainoko prezioa izan dezakeena), beraiek, aldiz, zapata-kutxa edo kalabaza bat…

Errealitate gordin horren aurrean, “Medicina abierta al mundo” taldeko bi ingeniari gazte martxan jarri ziren, eta jaioberrien sehaska irisgarri bat garatu zuten, kode irekikoa eta kostu gutxikoa. Bere lana, besteak beste, sehaskan ezartzen diren eta hezetasun, argi, oxigeno eta tenperatura baldintza ezin hobeak sortzen dituzten mikrotxipak sortzea da, haurra jaiotzen denean baldintza egokietan atseden hartu ahal izateko. Eta sinets iezadazue, hain urrun dauden landa-eremu hauetan baliabide horiek izateak, batez ere neguan, bizitza asko salba ditzakeela.

Baina hauxe da onena: sehaska tolesgarria da, maleta baten tamainakoa, 23 kilo pisatzen du eta 350 euro inguru balio du. Asmakizun honen aitzindariek, jaioterriak jaioberriak aurrera egiteko dituen aukerak baldintzatu beharko ez lituzkeela sinetsita, material eta teknologia errazak erabili dituzte, munduko edozein lekutan eskuratu eta errepikatu ahal izateko. Izan ere, zerbaitek huts egiten badu, ingeniari bat inkubagailuaren mikrotxiparekin konekta daiteke Espainiatik, eta matxurak eta arazo teknikoak modu telematikoan konpon ditzake. Are gehiago, diseinuari eta muntaiari buruzko informazio guztia Interneten partekatzen da, produktu hori behar duenak bere kabuz fabrikatu dezan. Izugarrizko asmakizuna, benetan!

Baina meritua ez da beraiena bakarrik. “Ayuda a contenedores” GKEarekin (proiektua ekonomikoki kudeatzen dute) eta “Salesianos Pamplona”rekin (materiala 3D makina baten bidez diseinatzen laguntzen dute) hirukote perfektua osatzen dute. Hirukote honek bere denbora eta ezagutza modu altruistan eskaintzen du. Beraiei esker, proiektu izugarri honek hazten eta txikien bizitzak salbatzen jarraitzen du.

Horrelako pertsonengatik oraindik fedea dut gizakiarengan... Munduan bere lana eskertzeko hitzik ez dagoela uste dut.

Izan ere, zaila da oso bizitzak salbatzeko helburu bakarrarekin euren ezagutzak modu altruistan sortzea eta partekatzea helburu duten pertsonak aurkitzea.

Zin egiten dut, munduan ez dago dirurik Nepalgo familiek material hori guztia eman diegunean oparitu dizkiguten irribarre, begirada eta esker on horiek ordain dezakeenik. Horixe izan da, hain zuzen ere, bidaia honen oroitzapenik onena, dudarik gabe. Nire erretinan betiko geratuko den irudia. Oilo-ipurdia jartzen zait.


Hirugarrenean lortuko dugu!

Beste negu batez, hemen nago, Nepalen. Hirugarren urtez jarraian, planetako zortzigarren mendirik garaienera igotzen saiatuko naiz: MANASLU (8.163 metro).

Urduri nago, baina zerbaitek esaten dit aurten desberdina izango dela. Inoiz baino indar gehiagorekin sentitzen naiz, inoiz baino motibazio handiagoa daukat. Aurreko bi neguetan asko ikasi dut mendi honi buruz eta hemen nago berriro, talde izugarri batekin, amets hau lortzeko.

Hilabete baino gehiago daramat Himalaia mendikatearen inguru zoragarri honetan... neure burua egoera honetara moldatzen, egokitzen.

Joan den azaroaren 24an abentura berri bati ekin nion; Makaluko Oinarrizko Eremurako treking berri bati, Iñaki Ochoa de Olza - SOS Himalaya Fundazioko taldearekin batera. Esperientzia ezin aberasgarriagoa izan zen, zeinetan herri honen eta bertako jendearen magiaz gozatzeko aukera izan dudan. Zalantza barik bertaratzen zaren lehenengo momentutik harrapatzen zaituen lekua da hauxe.

Bidean zehar, makina bat geldialdi egin ditugu. Kunghma eta Seduwa bisitatu ditugun herrietako bi baino ez dira, harrapatzen zaituzten lekuak, duda barik, berdin dio zenbat aldiz itzultzen zaren. Bertan, denek irribarre handi batekin hartzen gaituzte, beti; haien begirada samurrak, distira hori… Dena ematen dute ezer espero gabe, beti edozer zor diedanaren sentsazioa daukat.

Eta Makaluko Oinarrizko Basearen helburua lortu ondoren, Katmandura itzuli ginen motxila berregiteko eta erokeria eder batean murgiltzeko, hitzaren zentzurik positiboenean, noski: garun-paralisia duen Zallako nire lagun Javier Lopezekin batera Everesteko Oinarrizko Kanpamentura iristea. Javier… etengabe hobetzeko grina duen pertsona berezi-berezia. Bere lagunen laguna, beti laguntzeko prest dagoena, denok gure ondoan nahi dugun adiskidea. Berarekin batera ez dira barreak eta une onak falta izan. Ezin dut hitzez azaldu irakatsi didan guztia!

Eta nola ez, inguru honetan nagoen guztietan, derrigorrezko geldialdi bat egin behar dut: Lukla. Herri txiki bat zeinetan nire bizitza pertsonal eta profesionalean gehien irakatsi didatenetako pertsona bat bizi den. Pasang Thembari buruz ari naiz, 1980ko maiatzaren 14an Everest mendia Martin Zabaletarekin igo zuen eskalatzailea, hain zuzen ere. Alpinista bikaina, eta pertsona hobea. Baina bisitan, espero ez nuen zerbait gertatu zen. Pasangek zituen entzumen-arazoen lekuko izan nintzen. Ez zitzaidan egoera batere gustatu, beraz, zalantzarik gabe, Katmandura joatera animatu nuen, mediku bat bisitatzera. Azkenik, irribarrea eta bizitzeko gogoa itzuli dioten audifonoak jarri dizkiote. Eta, hain dago pozik, ezen hasi berri dudan urteko azken erronkara astebetez laguntzea erabaki duen.

Laburbilduz, bizipenez, sentipenez eta emozioz beteriko bi treking, pilak kargatzen, mendian oinarritzen eta, nola ez, girora moldatzen lagundu didatenak. Hori guztia dela eta, hirugarren saiakera honetan neure helburua lortzea espero dut behingoz.

Zorte ona opa iezadazue!