Lan gogorraren ondorengo saria

Leher eginda gaude. Lan asko eta askoko egunak izan dira. Dakizuen bezala, errimaia izugarri batek planak aldatzera behartu gintuen eta horrek asko zaildu du igoera. Baina merezi izan du. Lan handia egin izanak ematen dizun lasaitasunak asko indarberritzen du. Gainera, orain arte inork egin gabeko ibilbide batetik. Hori bezain gauza gogobetegarri gutxi daude, benetan. Leku honen handitasuna, hain zuri eta isila, goian aurkitu ditugun ‘mushroom-ak’ eta ‘popcorn-ak’… oso ederra izan da. Asko sufritu dugu, baina gozatu duguna askoz gehiago izan da. Oso harro nago taldeaz. Egin dugun guztiak hunkitu egiten du. Oso gertu ikusten dugu Manasluko ipar tontorra! Ia 6.700 metroraino ekipatu dugu, eta gailurra erasotzeko ia material guztia igo dugu.

Ibilbide hori 3 egunez landu behar izan dugu, gogor egin ere. Berria zen guretzat. Uste dugu inork ez duela inoiz igo. Informazio faltan, Chhepal, Kalden, Namja eta laurok sakon aritu behar izan gara pixkanaka hornitzeko. Pausoz pauso, baina atseden barik. Bidearen zati handi bat lauron artean hornitu dugu. Bestalde, Iñaki materiala birritan garraiatzeaz arduratu zen, eta Simonek, Tenzingek eta Gelumek 350 metroko soka hornitu zuten, 6.325 metrotik 6.450 metrora. Guk hasitakoari jarraitu zioten. Simonek, gainera, lan handia egin du, gailurra erasotzeko beharrezkoak diren gainerako materialak 6.650 metroraino igo ditu eta. 20 kiloko motxila, ez da gutxi.

Gorabehera handiko egunak izan dira. Une batzuetan Bilbora itzuli beharko ginela ere pentsatu genuen, izan ditugun zailtasunengatik. Errimaia hura gaindiezina izan zitekeen, baina oztopoa gainditzea lortu dugu. Sakrifizioarekin, konpromisoarekin eta gogo handiarekin. Baina, batez ere, lan psikologiko izugarriarekin. Mendiak horretara behartzen zaitu, eta uste dut nabarmen gainditu dugula.

Orain atseden hartu behar dugu egun batzuetan. Oso lan neketsua egin dugu. Baina denborak horretarako aukera ematen duenean, gora joango gara. Nahiko baikorrak gara, eta asko aurreratu dugula uste dut. Hurrengo pausoa gogorra izango da. Oso gogorra. Eta, berriro ere, mendiak proban jarriko gaitu. Beti egiten duen bezala. Baina prest gaude.


Sherpak, gure espedizioetako ezinbesteko protagonistak

Sherpak, zalantza barik, funtsezko protagonistak dira Himalaiako gure espedizio guztietan. Eurak barik, ia ezinezkoa izango litzaiguke geure buruei proposatzen dizkiegun erronkei aurre egitea. Jakina, Manaslu-EKI ez da salbuespena. Sherpak oso garrantzitsuak izaten ari dira irekitzen ari garen ibilbide berria ekipatzeko lanean.

Lehenik eta behin, eskerrak eman gura dizkiot COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioak hainbeste sufritu dituen kolektibo honi. Mundu osoko egoera epidemiologikoak eragindako murrizketek urte honetarako programatutako espedizio gehienak geldiarazi dituzte. Ondo dakizuenez, guk ere ez dugu erraza izan Nepalera iristea. Izerdi asko bota behar izan genuen dena antolatu ahal izateko, tokiko agintariek eskatzen zizkiguten paper guztiak konpontzeko eta, azkenik, gure plan guztiak atzeratu zituen berrogeialdia igarotzeko. Esan dizuedan bezala, konplikazio horien guztien ondorioz, jende askok negu honetan ez etortzea erabaki du.

Sherpa horiek guztiak, neurri handi batean, gu bezalako espedizioetatik eta turistetatik bizi dira. Euren euskarri nagusia espedizioak dira eta 2020-2021ean ia ez da egon. Beste sarrera batean, oinarrizko kanpamentura ekarri gaituen trekking-ean hainbat lagunek esan zigutenari buruz berba egin nizuen: “Azken hilabeteotan ikusi ditugun atzerritar gutxienetakoak zarete. Martxotik hona oso jende gutxi etorri da eta hori guretzako oso latza da”. Pena handia ematen digun mezu gogorra. Espero dezagun egoera lehenbailehen aldatzea eta pertsona horiek, eskualde guztikoek bezala, diru sarrera fidagarria izatea berriro, ahalik eta modu duinenean bizi ahal izateko.

Hori guztia esanda, abentura honetan lagun ditugun hiru sherpari buruz berba egin gura dizuet: Chhepal Sherpa, Kalden Sherpa eta Namja Sherpa. Hiru pertsona zoragarri, eta profesional bikainak gainera. Egia esan, euren laguntza eta esperientzia barik, bizi dugun hau guztia ez zen posible izango. Namaste!

Cheppal Sherpa da gurekin denbora gehien daramana. Neguan Everest igotzen saiatu ginenetik, gure espedizio guztietan lagundu digu. Denetan nagusia da eta Sherpa taldeko lider lanak egiten ditu. Pertsona ikusgarria, atsegina eta tratu bikainekoa da. Baina, batez ere, makina bat da mendian. Bere esperientzia funtsezkoa zaigu eta lan handia egiten du. Egia esan, ez du inor hotz uzten. Ezagutzen duen orok bizitza osoan gogoratuko du.

Kalden Sherpa iaz hasi zen gurekin Ama Dablamen (gailur nagusia itsas mailatik 6.812 metrora dago). Oso pertsona indartsua eta ausarta da. Berba gutxiko gizona, barruan daramatena ateratzea kostatzen zaien horietakoa, baina, behin berarekin harremana daukazunean, oso pertsona jatorra eta hurbila da. Berari buruz zerbait nabarmendu beharko banu, esango nuke oso prestua dela, inoiz ez dela ahalegindu barik geratzen. Ez du lan egiteko arazorik, eta hori asko eskertzen da ordu erabakigarria iristen denean.

Azken protagonista Namja Sherpa da. Zalantza barik, beste ‘makina’ bat. Gehien harritu nauena bere indar fisikoa da. Oso indartsua da. Nire lagun Lur aho zabalik geratu zen bere gaitasunarekin: “Zelan doan tipo hau, Alex. Forma fisiko ikaragarria du”. Bide batez agur handi bat bidali gura diot Lur lagunari, gura baino lehen abentura utzi behar izan zuelako. Berak ere honetaz guztiaz zerbait jakingo du. Ongi etorri taldera, Namja, eta eskerrik asko guztioi!


Gure planeta zaintzeak duen garrantzia

Ezagutzen nautenek ondo baino hobeto dakite zein garrantzitsua den niretzat ingurumena zaintzea. Are gehiago, nire azken espedizioetan lagun izan ditudanak gai honetan guztiz zorrotza naizenaren lekuko izan dira: natura zaintzea gure betebeharra da. Horregatik, adibidez, gure abenturetan eta espedizioetan ez diet plastikozko botilak igotzen uzten. Eta baten batek ihes egiten badit, ziurtzat jo berriro beheraino jaitsi eta behar den lekuan utziko duela. Badakit astuna eta zorrotza izan naitekeela, baina nire konpromisoak horrela jokatzera) eramaten nau.

Duela urte batzutik hona, gure planetari lagunduko dioten proiektuetan murgiltzea gustatzen zait. Edo, gutxienez, lurretik igarotzean ahalik eta arrasto txikiena uztera eramango gaituztenetan. Larregi zigortu dugu urte askoan. Gainera, nire espedizioak jasangarriak izan daitezen saiatzen naiz. Uraren adibidearekin jarraitzearren, bidoiak igo beharrean, elurrak edo izotzak ematen diguten ura tratatzen dugu.

Sinetsidazue, ez dut hau guztia modan dagoelako egiten. Barru-barruan daramadan zerbait da. Natura zaintzeak eta gehien behar duenari laguntzeak duen garrantzia etxean irakatsi zidaten, eta dakidan modurik onenean egiten dut. Askotan, herri inguruko mendietara (Anboto, Mugarra, Gorbeia) joaten naizenean, entrenatzeari uzten diot, inguruan ikusten ditudan plastiko guztiak biltzen hasteko. Beste pertsona batzuek utzitako zabor kilo batzuekin jaisten naiz beti. Barrutik ateratzen zaidan zerbait da. Mendian zaborra ikusten dudanean begiek min ematen didate.

Konpromiso pertsonal horren ondorioz, aliantzak oso modu naturalean sortu dira ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEAREKIN eta EKI Fundazioarekin. Erakunde horiekin ikuspegia eta balioak partekatzen ditut, begirada bakar batekin dena esaten duzun lagun horiekin gertatzen den bezala.

 

EKI Fundazioak egiten duena izugarri interesgarria da. Maiteminduta geratu nintzen duela urte batzuk proiektuaz hitz egin zidatenean. Berba gutxitan esanda, garapen-bidean dauden herrialdeetako, batez ere Afrikako, ikastetxeei, osasun-zentroei eta gizarte-intereseko zentroei energia elektrikoa lortzeko iturri autonomoak (eguzki-energia fotovoltaikoa batez ere) ematea dute helburu. 2017tik egiten dute. Izan ere, eurek esan zidatenez, planetan oraindik elektrizitaterik ez duten 1.000 milioi pertsona baino gehiago daude –zazpitik bat– eta horietatik 600 milioi Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi dira. Oso gogorra.

Aurtengo espedizioari dagokionez, 2019-2020an Everestera joan ginenean egin zuten bezala, EKI Fundazioak eguzki-plakak eman dizkigu, oinarrizko kanpamentuan energia-hornidurarekin erlazionatutako arazorik ez izateko. Eguzkiaren argia eta plaka horiek aprobetxatzen ditugu, behar dugun energia guztia, % 100, eskuratzeko, energia-sorgailurik (eta erregairik) behar izan barik. Hemen goian energia behar duten gailu asko erabiltzen ditugu: bateriak, telefonoak, irratiak, ordenagailuak, estazio meteorologikoak, dronak, bada, ez dugu litro bakar bat erregai erabiliko. Harro gaude horretaz.


Etxean bezala jaten

Bizitzako edozein arlotan elikadura garrantzitsua bada, are garrantzitsuagoa da ia 5.000 metroko altueran. Altuera horretan dago instalatuta gure oinarrizko kanpamentua. Eta, noski, niretzat funtsezkoa da sukaldari eta lagun handi baten laguntza izatea. Azken 4 espedizioetan nirekin etorri den Eneko Garamendi. Bera barik askoz zailagoa izango litzateke dena. Egun hauetan hainbat kontu kontatu dizkizuet, baina janariaren kontuak aparteko sarrera merezi duela uste dut. Lerro hauek Enekori, altuerako sukaldari handiari, eskerrak emateko dira.

Pentsa dezakezuenez, ez da batere erraza egoera honetan janaria prestatzea. Lehenik eta behin, janari asko igo behar dugulako hemen gauden guztiak elikatu ahal izateko. Ez da gauza bera 2 lagunentzako edo dozena batentzako janaria prestatu behar izatea (beste egun batean kontatuko dizuet nortzuk garen taldea osatzen dugunok). Eta, bigarrenik, elikagai freskoak edukitzea ezinezkoa delako eta horrek asko zailtzen duelako guztia.

Euskaldun guztioi bezala, asko gustatzen zaigu jatea (eskerrik asko BM Supermerkatuei, espediziorako janari asko eman diguzuelako), eta garrantzi handia ematen diogu alderdi horri. Galde diezaiotela bestela Simone Moro nire kordada lagunari. Lehengo egunean Enekori eskaini zizkion hitz politak hitzez hitz errepikatuko ditut: “Izan naizen espedizio guztietatik, hau da, zalantza barik, ondoen jaten ari naizena, eta alde handiarekin, gainera. Are gehiago, prestatzen dituzun janariekin amets egiten dut”. Egia esan, jan zituen babarrunen ostean, ulertzen dut dioena. Edonork gauza bera esango zukeen. Primerakoak ziren.

Gosaria –kafea tortillarekin edo arrautza egosiekin eta galletaren bat– Ringi eta Raju lankide nepaliarrek prestatu ohi dute, gurekin dauden sherpentzat lan egiten duten sukaldariek. Euren sukaldariak ekartzen dituzte beti, ez dutelako guk prestatutakoa jaten. Normalean dal baht jaten dute, Nepalgo errezeta tipikoa. Egia da Enekok beti eskaintzen diela gurea. Probatzen dute, eskerrak oso modu atseginean ematen dituzte, baina ez dira hortik pasatzen. Bakoitzaren ohiturak, nik uste. Eta niri asko gustatzen zait aniztasun eta kultura nahasketa hori guztia ikustea.

Gosaldu ostean, batzuetan hamaiketakoa egiten dugu eta bazkarirako prestatzen gara. Denetarik eta askotarikoa jaten dugu: bakailaoa, dilistak txerri-ukondoarekin, entrekotak (eskerrik asko, Carnicas Alejandro Goya!), oilaskoa, txorizoa (Palaciosek asko lagundu digu), ahatea, paellak.. Pentsatuko duzuenez, pasta izaten da plater izarra, ematen digun guztiarengatik. Enekok, gainera, denetarik botatzen dio: haragi xehatutik hasi eta kontserban dauden barazkietaraino. Kontserbez ari garela, hegaluze, antxoa edo sardinatxo kontserba asko jaten ditugu, Isabel gure babesleak emandakoak.

Eneko Garamendi gure sukaldaria.
Eneko Garamendi gure sukaldaria.

Esan dizuedan bezala, ezinezkoa da janari freskoa izatea, berehala izozten da eta ez da ondo geratzen. Alde horretatik, oso zaila egiten zaigu fruta jatea, oso zaila baita behar bezala gordetzea. Baina ezin dugu pentsatu etxean bezala jango dugula, Eneko taldean sartu zenetik asko hurbiltzen garen arren. Bazkalostean, arratsalde erdian, kafea gailetekin hartzea gustatzen zaigu, eta oheratu aurretik, afaldu egiten dugu. Ia beti zopa. Hartzen ditugun bi basoek egunero behar dugun uraren erdia ematen digute.

Haragia eta arraina bidoi batzuetan gordetzen ditugu, dendetatik kanpo. Han izoztuta egoten dira. Gainerakoa dendan zehar banatuta daukagu, beti ondo gordeta. Enekok dena kontrolpean (eta zainduta) dauka. Are gehiago, dena hain kalkulatua duenez, uste dut hilaren 30ean zer jango dugun ere pentsatuta duela… baina horrela eraman behar dugu, zorroztasun osoz. Esan dizuedan bezala, janaria,  funtsezkoa da horrelako abenturetan. Eskerrik asko sukaldari!


Mendiaren bi aldeak

Ez dira batere errazak izan azken egun hauek Himalaian. Azken gauak belan eman ditut. Sergi Mingoteren heriotza oso kolpe latza izan da, inondik ere espero ez genuen albiste izugarria. Tamara Lungerren edo Mingoteren familiaren larruan jarri eta oilo ipurdia jartzen zait… Animo handia eta besarkada handi bat bidaltzen diet hemendik. Une latz hauetan kontsolamendua aurkitzea espero dut.

Egia da horretan dihardugunok eta mundu honetan 4 egun baino gehiago daramatzagunok badakigula arrisku handia dugula, horrelako mendiak eskalatzea ez dela bat ere erraza. Baina inoiz ez zaude horrelako kolpeak jasotzeko prestatuta. Izugarri gogorra egiten da hain gazte eta zoritxarreko istripu batengatik norbait joaten ikustea.

Simone Moro nire kordada-laguna izan zen eguneko bi albiste garrantzitsuak irratiz eman zizkidana, gu 1. kanpamentutik pixka bat harago aurrera egiten saiatzen ari ginen bitartean. “Alex, Mingotek istripua izan du eta ahal dugun neurrian lagunduko diogu. Ez du itxura onik”. Izoztuta geratu nintzen. Jarraian, hau gaineratu zuen: “Nepalgo taldeak K2an gailurra egitea lortu du”. Bi albiste kontrajarri, nire aldartea erabat aldatu zuten bi albiste, hain zuzen ere. Alde batetik, gizon on bat hil zen, eta, bestetik, Nepaleko herriak  balentria handia lortu zuen, eta izugarri poztu nintzen. Sentsazio gazi-gozoak bete zuen nire gorputza.

Hurrengo pausoa argi izan nuen: Mingoteri zor diogun errespetuarengatik, oinarrizko kanpamentura jaitsi behar ginen berehala. Dolua gordetzeko nire modua zen. Nire begirunea erakusteko. Hasiera batean, denok ez ginen erabaki horrekin bat etorri, baina erabaki irmoa eta oso sendoa zen. Egin behar nuen zerbait zen. Errespetatua izateko, errespetatzen ikasi behar da. Halaxe egin nuen. Hartu atseden bakean, adiskide.

Azkenik, zorionak Nepalgo taldeari. Ole, ole eta ole! Ez dakizue zelan pozten naizen eurengatik. Hamarkadetan zehar, gu bezalako jendeari gure ametsak konkistatzen lagundu digute, eta aste honetan eurak bete ahal izan dituzte euren ametsak, historian ate handitik sartuz. Harrituta irakurri ditut purista batzuen kritikak. Zelan kritikatu dezakegu batzuek oxigenoa eramatea? Ez al da jadanik nahiko gogorra K2 neguan igotzea? Zer gehiago egin behar da historian inork lortu ez duena lortu dutela onar dezaten?

Ez nator bat kritika horiekin, inondik ere. Denbora luzez gureak bezalako espedizioen itzalean egon ostean, euren historiaren protagonista bilakatu dira, Nepalgo bandera gorenera eramanez. Hemendik, zorionak! Meritu handia duzue. Pena da albiste hau Sergi Mingoteren heriotzarekin batera etorri izana. Mendiak gauza hauek ditu. Dena eman eta kentzeko gai da. Mendiaren parte da. Eta onartu egiten dugu.


Gainontzekoak laguntzea

Uste dut ez dagoela besteei laguntzea baino ezer atseginagorik. Modu altruistan egiteak, gainera, askogatik biderkatzen du horrek sortzen duen gogobetetze-maila. Denok, den-denok, behar dugu laguntza noizbait. Horregatik, ilusio berezia egiten dit Caixabanken eskutik ‘Altuerako Topaketak’ proiektuan parte hartzeak. Caixabanken bulego sareak lurraldeko gizarte-erakundeen beharrak hautematen ditu, eta, horrela, “La Caixa” Fundazioari laguntzen dio bere gizarte-lanean, bere aurrekontuaren zati bat horretara bideratuz. Zer da “Altuerako topaketak”? Bada, adinekoen egoitzetako erabiltzaile guztiak suspertzea eta motibatzea bilatzen duen ekimena. Hori da “La Caixa” Fundazioaren eta Caixabanken lehentasunezko ildoetako bat, eta are gehiago egoera honetan. Eta, neurri batean, baita zentro horietan lan egiten duten eta gure adinekoei laguntzen dieten langileak aintzatestea ere, testuinguru zail honetan lan handia egiten ari direlako. Benetan, eskerrik asko opari hau egin didazuelako. Pribilegiatua sentitzen naiz.

COVID-19ak sortu duen pandemiak min handia egin dio gure gizarteari, gure nagusiei batez ere. Eurak dira, zalantza barik, gehien sufritu dutenak. Batetik, arrisku gehien dituen kolektiboa izan direlako, eta, bestetik, egoitza batean bizi direnen askatasuna, denbora luzez euren bizilekua den leku horretako lau hormetara mugatu delako. Eta hori oso gogorra da. Ahalegindu arren, ezin dut imajinatu haietako askok zer pasatu duten.

Eurekin ordu batzuk berba egitea proposatu zidatenean, ez nuen birritan pentsatu. Banekien plazerra izango zela eta euren aldetik asko ikasiko nuela. Ez nekien, ordea, zer eman niezaiekeen. Zer irakatsi ahal izango diet nik baino askoz gehiago bizi izan duten pertsonei? Edozein kasutan, ni izan beharko nintzateke entzun behar duena. Zenbait topaketa egin ostean, esan behar dut nire itxaropenak motz geratu direla. Oso motz. Uste nuena baino askoz gehiago ari naiz ikasten. Nire itxaropena, eurak esperientzia hau nik beste gozatu izana da.

“Altuerako Topaketak” proiektuaren bitartez, adinekoak mendira eraman nahi ditugu une batez elkarrekin konpartitzen ditugun hamaika pasadizoren bitartez. Gure adinekoen ondoan egoten jarraitzeko unea da. Haiekin harremanetan egoteko teknologia izatearen zortea dugu, eta ‘gertu sentitzeak’ erabateko onura dakar haien aldartean. Gehiegikerietan erori barik, esan behar dut lekukotasun batzuek oilo larrua jartzen didatela. Zaharrenetako batek, mendizale amorratu batek, izan zezakeen oparirik onena niri entzutea zela esan zidan. Eta Matia Fundaziotik adierazi didatenez, bakarrik egon ohi den pertsona batek, berehala jakinarazi nahi izan zion arrebari topaketak eragin zion ilusioa, esperientzia kontatzeko, eta deia errepikatu ahal izatea eskatu zuen, mendian ateratako bere argazki batzuk niri erakusteko. Horrekin konturatzen gara hain gutxirekin gauza asko alda daitezkeela. Eta esan dizuet, aurrez-aurre ezagutu ahal izateko egunak kontatzen ari naiz, eta, zergatik ez, haiekin mendi irteera bat egitea gurako nuke.

Teknologia berriei esker, mila batailatan gogortutako pertsonak eta ni gertu sentitu gara. Benetan gertu, eta une askotan, esan dizuedan moduan, hunkitu ere egin gara. Eskerrik asko bizitza honetako gauzarik garrantzitsuenetako bat, denbora, nirekin partekatzea erabaki duten guztiei. Esan dudan moduan, zorioneko sentitzen naiz.

Orain ni naiz abentura berri batean murgilduta dagoena: Manaslu mendia (itsas mailatik 8.163 metro) neguan igotzen saiatzea, inoiz inork lortu ez duen balentria. Hala ere, horrek ez dit eragozten egun hauetan haiekin harremanetan egotea. Ez zuzenean, baina bai bidaltzen dizkiedan bideoen bitartez. Gure aurrerapenak kontatzen dizkiet, taldean ematen ditugun arratsaldeak tea hartzen eta kartetan jokatzen, eta baita gauzak espero bezala ateratzen ez direnean izaten ditugun frustrazioak eta une txarrak ere. Denok egiten ditugu estropezu, adin bat edo beste izanda ere. Itzultzen naizenean, bizi izandako guztia kontatuko diet, baina, orain arte bezala, ziur nago eurak niri emateko askoz gehiago izango dutela.


Pic by Phelipe Eizagirre

Bidaia luzearen eta astebeteko trekking-aren ostean… oinarrizko kanpamentuan gaude!

Azkenean, Manasluko oinarrizko kanpamentuan gaude. Ez da batere erraza izan, egia esan. Urtezahar egunean Bilbotik abiatu ostean, Urteberri egunean zapaldu genituen Nepalgo lurrak. Aireportuan hainbat tramite burokratiko gainditu behar izan genituen, Katmanduko hoteletik irten barik izugarri luzea egin zitzaigun lau eguneko berrogeialdia egin behar izan genuen, eta, gainera, talde osoak pasatu behar izan genituen PCR probak. Dena zein konplikatua izan den ikus dezazuen, Simone Moro nire adiskide eta kordada-lagunak hegaldia galdu zuen Italian, paperen tramitazio zorrotzaren ondorioz. Baina kito. Lehenengo etapa gaindituta dago eta mendi eder honek besoak zabalik hartu gaitu!

Tokiko agintariek eman zizkiguten izapideak gainditu ondoren, enegarren aldiz berrantolatu behar izan genituen gure karga guztiak eta ibilbidea, markatu ziguten berrogeialdiak gure plan guztiak nahastu baitzituen. Katmanduko gure hotelean premiazko bilera bat egin genuen eta dena trekkinga ahalik eta laburrena izan zedin berrantolatu genuen. Aldaketa hori dela eta, espedizio mota honetan funtsezkoa den puntu bat sakrifikatu behar izan dugu: altuerara egokitzea, alegia.

Trekkingaren iraupena eta altuerara egokitzea balantzan jarri genituen, eta, iragarritako klimatologia onak eta hasteko gogoak behartuta neurri batean, bidea moztea erabaki genuen. Ez zen erabaki erraza izan; izan ere, alpinista profesionala izan arren, taldekide batzuk horrelako abenturetara ohituta ez dauden taldean nago. Baina uste dut erabakia egokia izan dela, eta oso harro nago guztiez, primeran erantzun dutelako. Eskerrik asko, benetan, eta zorionak!

Beste erabaki garrantzitsu bat kargak Samagaoneraino eramatea izan zen, oinarrizko kanpamentura iritsi aurreko azken herriraino, helikopteroz bertaraino zuzenean eraman beharrean. Eta arrazoia oso sinplea da: neurri handi batean turismotik eta espedizioetatik bizi den eskualde hau asko sufritzen ari da COVID-19ak sortutako pandemiaren ondorioz. Izan ere, hainbat pertsonak esan digutenez, azken hilabeteetan inguruan ikusi dituzten atzerritar gutxietako batzuk gara. Gure asmoa jendeari lana ematea zen -zama eta materiala Samagaonetik oinarrizko kanpamentura igotzeko eskatu genien- ni bezalako pertsonek asko zor diegulako.

Badakit hori keinu bat baino ez dela, ez duela oinarrizko arazoa konponduko, baina uste dut bizitza honetan zerbaitetan lagundu badezakezu, hori egiteko betebehar morala duzula. Iritsi aurretik banekien zer aurkituko genuen, eta ekarpenak egiteko gure modu apala izan da. Keinu hau eurengatik da.

Material guztia helikopteroetan kargatu ondoren, oinarrizko kanpamenturako bidaia hasi genuen. Autobusez eta 4x4 ibilgailuz egindako ibilbide luze bat genuen aurrean Machhakholaganera, astebete inguru eskatuko zigun trekking-erako sarrerako atera, iritsi arte. Gaua herri horretan igaro ondoren motxila bizkarrean hartu eta oinez hasi ginen. Dohan, Bihim, Philim edo Namrung herrietatik eraman gaituen ibilbidea izan da, 3.500 metro baino gehiagoko desnibela pilatuz.

Egia esan, trekking hau oso ondo gogoratzen nuen, baina berriz ere liluratu egin nau. Gainera, eguraldia lagun izan dugu eta giroa ezin hobea izan da. Ibilbide hau mundu guztiari gomendatzen diot, ikuspegi zoragarriak dituelako. Hori bai, errealitate gordinak berriro ere jende hori asko sufritzen ari dela ikusarazi digu. Adibide bat jartzearren, ‘Lodge Thakli’-ko Lakpak, martxoaz geroztik hemen ikusten den mendebaldeko bigarren taldea garela esan zidan, eta hori suntsitzailea dela gu bezalako jendetik bizi den eskualde batentzat. Aurpegian irribarrea zuela kontatu zidan, baina ezin zuen bere kezka ezkutatu. Bitxia da ikustea jende horrek ez dituela inoiz umore ona eta alaitasuna galtzen. Hala dirudi behintzat. Prozesioa barrutik eramango dutela imajinatzen dut.

Bizitzaren aurrean duten jarrera ezin hobearekin kutsatuta, aurrera jarraitu genuen, barre eta anekdota artean. Oso ondo konpontzen ari garela uste dut, eta niretzat hori funtsezkoa da. Egun korapilatsuagoak iritsiko dira eta, ondorioz, aldez aurretik elkar ezagutzea oso garrantzitsua da. Bakoitzak bere ekarpena egiten du, eta nik gozatu egiten dut taldea zain dugun erraldoiarengana joaten ikusiz. Oinarrizko kanpamentura iritsi gara eta lan handia dugu egiteko, baina gaur egungo egoera zailean hemen egotea sari handia da. Eta baita taldea irribarrez ikustea eta gu bertan egoteagatik bertako biztanleak pozik daudela ikustea ere.

Manaslu goitik begira dago eta ez dugu bistatik galduko berriro Bilbora abiatu behar dugun arte. Ea abentura hasi zenetik dakargun irribarre berarekin itzultzen garen. Ziur nago baietz.


Gorbeia

Gorbeiaren ganean berba egitea, nire lurraldeko leku berezienetako baten ganean berba egitea da. Egia esan, mendi horretara igo ez dauen persona gitxi ezagutzen dot. Baina inguru hau Pagomakurre, azkenengo igoerearen aurreko zelaiak edo gailurrean dagon kurutzera ailegetea baino askoz gehiago da. Are gehiago, esango neuke ia urte osoa bete ahal izango gendula egunero ibilpide desbardina eginez. Bai, behar bada askotxo esatea izango da, baina argi eta garbi daukat bertan ehun bider inguru egon nazen arren, oraindino aztertu beharreko lekuak geratzen jatazala.
Orain denpora gitxi jakin izan dot inguru horretan egiteko 10 ibilpide aukeratu dirala. Udarako plan desbardinen aukeraketea. Ibilpide batzuk laburragoak eta errazagoak dira, eta beste batzuk luzeagoak, baina bata be ez da gaitza. Halanda be, uste dot, benetan, oso aukera egokia dirala, euskaldunontzat hain berezia dan inguru honen erakusgarri bikainak. Zalantza barik, beroa eta eguraldi ona nagusi diran hilebete honeetan gozetako aukera ezin hobeak dira. Gauza eder asko daukaguz etxe ondoan. Ez da beharrezkoa automobilean ordubete baino gehiagoko bidaia egitea!
Urbinako Talaian, Euskadiko balkoian, egin daikegun ibilpideagaz hasiko naz. Oso ibilpide borobil erraza da, eta Ullibarri-Ganboako urtegiaren ikuspegi ikusgarriak emoten deuskuz. Esan dodan moduan, ibilpide erreza, adin guztietako personek egiteko modukoa. Ez dakit zergaitik, baina leku horretan egoteak asko nasaitzen nau.
Azpimarratu gura dodan bigarren ibilpidea Bitorianotik doan Urrezko Harkaitzena da, aurrekoaren oso desbardina. Oroko Santutegira Bitorianotik heldu gaitekez, aspaldiko bideetatik. Harana, zalantza barik, ikustea merezi dauen leku parebakoa da. Ikuspegiak ikusgarriak dira: Zuia haran osoaren panoramika zabala, Gorbeia mendia eta Badaia eta Arrato mendizerrak. Ez da gitxi. Oroko Santutegia, jatorrian, tenplu erromanikoa zan, balio kultural handia eukan lekua. Ganera, euskal eskalatzaileek ondo ezagutzen dogu lekua da, Urrezko Harkaitzetan kirol eder hori egin daitekelako. Inoiz egin ez dauenak egiteko aukerea eukiko dau, esperientzia hori eskaintzen daben eskolak dagozalako.
Familian egiteko beste plan bat Otxandioko pagadiak bisitetea da. Bizkaiko herri horren erdigunetik gertu, mugatuta dagon eta ia maldarik ez daukan ibilpidetik paseetako aukerea eukiko dogu. Ibilpide erreza eta oso ederra da. Eta, jakina, ibilpidea egin eta gero, herria bera be bisitau behar da, oso polita da eta.
Eta apur bat gehiago ibili gura badozu, Altzakortatik Atxuloraino doan txangoa egin daikezu, 8 kilometro inguruko ibilpidea. Atxulora, Itzinara sartzeko ateetako batera, heltzeko pasealdi zirkularra da. Gora ailegetan zarenean topetan dozun paisaia ezin ederragoa da. Benetan merezi dauen ibilaldia.
Beste ibilaldi batzuk azpimarratu daitekez, Gorbeiak muga bako aukerak emoten dauzalako, baina larregi luzatuko nintzateke. Lau ibilpide horreez gain, aitatu deutsuedan zerrendan beste sei dagoz. Euskadiko gune ezagunenetako batek eskaintzen dauen guztia ezagutu gura badozue, www.gorbeiaeuskadi.com webgunean sartu zaitekeze.