Ez dakit nondik hasi ere…
Neguko espedizioetan murgildu naizenetik asko izan dira bizitako esperientziak, milaka nire burutik pasatu diren pentsamenduak. Baina dena gutxi dirudi 2023ko urtarrilaren 6an Manasluko gailurrera heldu ondoren. Uste dut inoiz ez dudala hainbeste sentsazio batera izan: poza, emozioa, beldurra, urduritasuna… Esaten dutenaren arabera, bizitzan zehar sentitu beharreko 26 sentsazio omen daude. Nik, bi aste eskasetan esperimentatu ditut.
Joan den abenduaren 26an, Manasluko Oinarrizko Kanpamentua zapaldu genuen eta 11 egun geroago, gailurrean geunden, planetako zortzigarren mendirik altuenaren puntarik altuenean. Ezin nuen sinetsi, egia bihurtu nuen 2021ean jarri nuen erronka. Ez dakit zenbat alditan imajinatu dudan momentu hau eta azkenean, egia bihurtu da.
Baina gauzak ez direla diruditen bezalakoak. Nire ibilbide profesionaleko igoerarik gogor, zorrotz eta arriskutsuenetako bat izan da. Gaizki pasatu dut, oso gaizki egia esan, orain nolabaiteko hutsunea sentitzen dut, hiru negu izan dira proiektu honetan lanean; imajinatzen dut denbora pasatzen denean sentimenduak azaleratuko direla.
Orain, osasuntsu, onik, atseden hartuta eta ernai nagoela, Himalayan bizitako nire azken esperientzia zuekin guztiekin partekatzea gustatuko litzaidake. Saiatuko naiz ahalik eta modu laburrenean azaltzen, zin egiten dut.
Dakizuenez, joan den abenduaren 26an Winter Summits proiektua jarri genuen martxan. Aurreko bi esperientziei esker, ingurunea bertatik bertara ezagutu ahal izan genuen. Halere, orduak eta orduak igaro genituen estrategiarik onena aztertzen. Argi genuen igoera ahalik eta azkarrena izan behar zela, edozein izozte arrisku saihesteko. Esana eta egina. Altueran errotazio bi egin ondoren, unea iritsi zen. Hotza (-50º-rainoko tenperaturak sufritu genituen) eta haize zakarra gorabehera, hurrengo egunotan eguraldia hobera zihoala zirudien. Ez genuen zalantzarik, ezin genuen aukera hori galdu. Momentu egokia zen.
Hortaz, urtarrilaren 4an, 8:00etan, beharrezko material guztia hartu eta motxila bizkarrean jarri genuen. Antzara-jokoa bezalakoa izan zen. Oinarrizko Kanpamentutik C1-era, C1-etik C2-ra. Eta hemen tarteki bat egin nahi dut ibilbide hori, zalantzarik gabe, nire bizitzan egin dudan zailenetakoa izan zela esateko. Ez da hori ahuntzaren gauerdiko eztula, gero! Izan ere, ez dira gutxi urte hauetan guztietan Himalayan eskalatutako metroak. Benetan, oso gogorra, oso zaila izan zen, izugarri arriskutsu zegoen ingurua, uste nuena baino askoz gehiago…
Eta hori esanda, antzara jokoarekin jarraituko dut. Kanpatu eta gaua egin genuen eta urtarrilaren 5ean C2tik C3ra pasatu ginen. Emozioaren, nerbioen, hotzaren eta haizearen artean, ezin izan genuen begirik bildu. Baina gustuko tokian aldaparik ez, beraz, 23:00etan gailurrera irten ginen. Eta gainerakoa historia da. 10 ordu eta erdi geroago, hau da, 9:30ean (tokiko ordua), Pasang Nurbu Sherpa, Chhapel Sherpa, Gelu Sherpa, Maila Sherpa, Mantere Lama Sherpa, Gamje Babu Sherpa eta nik Errege Magoen oparirik onena jaso genuen. 3 urte neramatzan opari horren zain. Gailurrean geunden, tontorrean, munduko zortzigarren mendirik garaiena den Manasluko punturik altuenean. Ez da gutxi.
Baina igotzen den guztia gero jaitsi egiten da eta guk jaitsi egin behar genuen, Oinarrizko Kanpamentura itzuli behar genuen. Izan ere, beti esaten dudan bezala, benetako gailurra talde osoa Oinarrizko Kanpamentura onik eta salbu itzultzen denean lortzen da. Beste behin, beraz, esana eta egina. Pixkanaka jaisten hasi ginen, zalantzarik gabe, erronkaren gauzarik zailena izan zen. Azkenik, 18:00etan kanpamentura iritsi ginen. Suntsiturik, leherturik. Egia esan, ez zen gutxiagorako, 60 ordu baino gutxiagotan lortu genuen erronka osoa. Ilargian nengoen, izarrei begira jarraitzen nuen, oraindik ere ezin nuen sinistu lortu berri genuena.
Hori guztia esanda, ez nuke agur esan nahi 1984ko poloniar espedizioa balioetsi gabe. Nire errespetu guztia teknologia berrien laguntzarik gabe Manaslu mendia koroatzea lortu zuten alpinistei. Meritu handia izan zuten. Simone Moro ere ez dut ahaztu nahi. Lagun, eskerrik asko C2tik Oinarrizko Kanpamentura bakarrik jaisteagatik, zuk zeuk esan zenuen bezala, gora egiten jarraitzeko nahikoa indar bazenuen ere jaisterakoan taldea oztopa zenezakeela uste zenuelako.
Azkenik, eta orain bai, nire ibilbidean lagundu didaten pertsona guztiei zorionak eta eskerrak ematea besterik ez zait geratzen: familia, lagun lankide, mendi klub eta federazio, babesleei… Zuek gabe, amets hau ez litzateke inoiz bete izan.
Behin eta berriz, ESKERRIK ASKO, bihotz-bihotzez.