Zalantza eta deliberazioen ostean, bihar berriro helduko diote lanari, oraingo honetan Kinshofer bideko 2K (6.100m) jomugan

Testua: Igone Mariezkurrena (Nanga Parbat BK)
2016ko urtarrilaren 8a

Zalantza eta deliberazio orduak izan dira Alex Txikon buru duen taldearentzat. Baina, azkenean, hasierako planera itzulita, ondorioztatu dute Nanga Parbati bere bide arruntetik (Kinshofer bidetik) heltzea izango dela egokiena, nahiz eta aurten itxura benetan eskasa duen: iaz baino askoz biluziagoa, izoztuagoa ageri da. Hortaz, beste alternatibak behin betiko alboratuta, bihartik aurrera eta lau egunerako zabalduko den eguraldi oneko leihoa probestuko dute gure sokakideek bere lerroa gutxienez 2Kra arte (6.100m) finkatzeko.

Joan den urtarrilaren 5ean, sare sozialen bitartez jakinarazi genuen bezala, hiru eskalatzaileak bigarren aldiz igo ziren beren 1Kra (4.800 bat metrora; iazko 1K 5.050m baino baxuagoa eta elur-jausi nahiz elur pilaketei begira seguruagoa) bertan material gehiago utzi eta gaua igaroteko. Orduko hartan ez genuen publiko egin, ordea, hurrengo goizean Txikon, ‘Sadpara’ eta Nardi glaziarrean gora hainbat metro igo zirela, Mummery Ridge-rantz, bidearen egoera, behekaldeko arrakalak eta goikaldetik mehatxatzen duten serac fronteak bertatik bertara aztertzeko asmoz. Bi orduko saio laburra izan zen, 5.200m-ra artekoa, ondoren 1Kra eta BKra itzultzeko. Eta hemen, BKn aritu dira orain arte erabakitzen.

Mummery Ridge delakoa da zenbait orduz buruan izan duten B plana, Kinshofer bidearen aurtengo baldintza latz eta teknikoen aurreko alternatiba: izan ere, bereziki 5.100m-tik Kinshofer hormaren oinarriraino doan kanala izotz biziko pala da aurten, 2015eko neguan baino gogorragoa, zinez. Daniele Nardik ongi ikasia du Mummery Ridge, hiru urtez saiatu da hau eskalatzen, eta horregatik pentsatu zuten aukera ona izan zitekeela.

Alabaina, iaz irabazitako esperientzia eta ezagutza gailendu dira, baita Kinshofer bideak hiru eskalatzaileen ustez eskaintzen duen segurtasun maila altuagoa ere.

Horrenbestez, bihar berriro helduko diote lanari, oraingo honetan 2K (6.100m) jomugan dutela. Momentuz, janaria, gasa, materiala eta, batez ere, 1.800 metro soka dituzte 1Kn (4.800m) depositatuta; bihar beste 600 metro porteatuko dituzte. Aurreikuspenen arabera, eguraldi zoragarria izango dute lau egunez, gogor lan egiteko.

Gorriz, Kinshofer Bide Arrunta eta altuerako kanpalekuen ohiko kokapena. Berdez, glaziarrean gora egindako saio laburra. Beltzez, Mummery Ridge ertza.

Gorriz, Kinshofer Bide Arrunta eta altuerako kanpalekuen ohiko kokapena. Berdez, aurtengo K1 eta glaziarrean gora egindako saio laburra. Beltzez, Mummery Ridge ertza.

ATxikon_5-1-16

ATxikon_5-1-16_3

ATxikon_5-1-16_4

 

ATxikon_Glacier_2

ATxikon_Glacier

 

 

       

Berriak

 
AX | Everesteko neguko espedizioaren inguruko gogoeta (8848 m)
Hilabete pasa da jada oxigeno artifizialik gabeko neguko espediziotik etorri ginenetik, eta bada balorazio bat egiteko garaia. Zalantzarik gabe, inoiz egin dudan erronkarik gogorrena izan da, eta ez soilik muturreko baldintzengatik, norbera indartsu sentitzean eta buruaren kontra egin behar izatean baizik. Eguraldiak ez zuen gupidarik izan, eta ondorioz, ez zigun eman geure ametsa betetzeko aukerarik.
KRONIKA |Gailur saiakera, abian!
Bigarren Kanpalekura (6400m) heldu eta egun oso bat aklimatazio lanetan igaro genuen, eguraldiak beta ematean abian jartzeko. Gau gogorra 2. Kanpalekuan igaro duguna, 35 zero azpiko tenperaturekin ta hankak hoztuta utzi dizkigun haize bortitzakin. Zorionez, ordea, aurrera egin ahal izan dugu eta jada 3. Kanpalekuan gaude (7100 m). Beste behin ere, eguraldi oneko iragarpenak okerrera