KRONIKA | Txutxu-mutxuan ia 8000 metrotara

Eguraldi ona iragarrita dago otsailaren 14rako, beraz, erronkari ekiteko ordua dela erabakitzen dugu.

Beraz, 10ean Norbu Cheppal eta neuk gorantz egin genuen. 8 ordu ingurutan, Bigarren Kanpalekuan ginen jada, 6.350 metro ingurutara. Norbu eta nire artean, 2K muntatu genuen berriz ere; Cheppal zertxobait beranduago iritsi zen, arratsaldeko zazpiak inguruan. Lo sakuetan sartu eta haginak estutu; 32 gradu zero azpitik gaude, eta imajinatuko duzuenez… sekulako hotza egiten du.

Alex sale para cumbre_02

Egunak argitu du eta hauek biak zurrunka daude oraindik.; neu, ordea, lo zakuan egoteaz gogaituta nago jada. Biak esnatu, eta jateko zerbait prestatzen hasten gara, nola ez, arroza. Hori bai, eskerrak eman nahi dizkiet Endika eta Beñati Euskal herritik janari pila bat ekartzeagatik, besteak beste, Tolosako txuletak (eskerrik asko, Tedi!!!).

Arratsaldeko 16:00etan Nuri, Furba eta Pemba iristen dira. Kontu batzuk kontatu, eta lo zakura… Egia esan, gaur gauean are hotz handiagoa egiten du.

Otsailaren 12, lan eguna. Bi taldetan banatzen gara: lehen taldean, Norbu, Chhepal eta neu, eta bigarrenean: Nuri, Furba eta Pemba. Egitasmoa hurrengoa: A taldea goizeko 05:00etan atera gara Bigarren Kanpalekutik eta bost ordutan Hirugarrenean ginen. B taldekoek, ordea, hurrengo egunean igoko dira Laugarren Kanpalekura.

Arratsalde partean, eguzki izpiek zertxobait berotzen gaituzte, eta orduan, lo zakua sartu eta 2K eta BK-koekin harremanetan jartzen gara.

Alex sale para cumbre_01

Iragarritako eguraldia baieztatu eta otsailaren 13ko 03:00etan (Nepaleko ordua) abiatu nahi dugu. Goizaldea da, eta gorantz egiteko irrikan nago, baina, bat-batean, mugimendu arraro batzuk somatzen ditugu dendan, eta jarraian, serack bat puskatzen dagoen seinale; geure bihotzen erritmoak goraka egiten du etengabe; hiru segundutan, Norbu eta neu lo zakuetatik atera, eta frontalak piztuta, elkarri begiratzen diogu sekulako beldur aurpegiekin, maldan behera jausten ari ginela pentsatzen. Gorputz erdia dendatik kanpo nuen; Chhepali begiratu eta ezertaz enteratu ez dela konturatzen gara, barreka hasi eta txantxetarako gogoa arin kentzen zait, guztiz hozturik gelditu bainaiz dendatik kanpo. Beraz, lo zakura berriz ere.

Erlojua begiratzen dihardut denbora dezente eta 01:30etan elurra urtzen dugu; gauak zeharo estutzen du, hotz handia egiten du eta haize bortitzak ez du betarik ematen.

03:00etan abiatu nahi ginen, baina 06:00etan ateratzen gara, azkenean. Bigarren taldea goizeko 2etan atera da Bigarren Kanpalekutik, eta hortaz, elkarrekin egin genuen gorantz. Haizeak ez du amore ematen; ekarri dudan arropa guztia daramat soinean, eta hala ere, sekulako hotza daukat.

Chhepal eta Nurbuk jarraitzen naute, aurrerapausoak zenbatzen eta zein altueratara egongo garen asmatzen eman dut bidea. Behin eta berriz pentsatzen du tea eguzkiak noiz agurtuko gaituen; badakit goizeko 11ak arte itxaron beharko dugula, baina non izango da hori?

HACIA CAMPO 2 (1)

Eguzkiak inguru ezberdinetan noiz jotzen duen kalkulatuta daukat, eta hortaz, hori aztertzen astintzen dut burua, horrek aurrera egiten laguntzen bainau. Baina, ez da erreza, oso luze egiten ari zait; izan ere, zinta horiak gurutzatu arte, 7.550 metro ingurutara iritsi arte, eguzkiak oraindik ez du ia jotzen. Zertxobait hasi da hurbiltzen baina bi ordu daramatzagu jada hankak sentitu gabe.

7650 metrotara, gauzak okertzen doaz. Chhepal nigana hurbiltzen da eta jaitsi gaitezan eskatzen dit arren; haizeak askosaz gogorrago jotzen hasten da, eta elkarrekin biltzen gara hitz egiteko. Nigan konfiantza izateko eskatzen diet, eguraldiaren iragarpenak haizearen intentsitatea jaitsiko dela diola, eta guk ahal dugula.

Hotz handiegia egiten du, eta hitz egin ostean, oxigeno artifizialeko botilak erabil dezaten eskatzen diet arren. Normalean, gailurra egiteko azken tartean hiru erabili ohi dituzte, baina bakoitzak bi botila daramatza; kasu egiten eta konektatu egiten dituzte.

Haizeak gero eta indar handiagoarekin jotzen du. Ginebrinoko ezproia gurutzatzen gaude, 7800 metro ingurutara. Gainontzekoek ez dute argi ikusten eta aurrean jartzean naiz.

Denei animoak ematen noa, eguraldia aldatuko denaren konfiantzarekin. Une batez, Aitorri walkitik deitzea datorkit burura, baina 45 gradu zero azpiko tenperaturan walkia hartzea atzamarrik gabe gelditzea ekar dezake. 60 km/ orduko haizea dago! Ez dakit nola egiten dugun aurrera ere!! Honekin alderatuta, Nanga Parbatek erreza ematen du!

Chhepalek jaitsi gaitezen eskatzen dit arren, berriz ere; baina inolako lokaleririk egingo ez dugula ziurtatzen diot, eta haizeak geldituko duela esan digutela; beraz, neuri jarraitzeko esaten diet. Neuk zabalduko diedala bidea.

2017 02 07 - Vista Everest

Soka finkoa puskatuta dago. Hesola bat hartzen dut eta berriz ere ekipatzen hasten naiz, eclimb-ak Laugarren Kanpalekuan ditut utzita; zeina urrutitik ikusten dugun eta pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen goaz, baina haizea itzela da, ezin ditugu pausu bi eman lurrera bota gabe. Aurrekoan aldizka zeuden soka zaharrez baliatu ginen, baina oraingoan 100 metro gehiago sartzen ditut geure segurtasuna bermatzeko.

Laugarren Kanpalekura iritsi gara. Norbu, Nuri eta Pembak jarraitzen naute; ezin dugu zutik iraun. Lehen denda ateratzen dut, eta ikaragarria baina lauon artean ezin dugu muntatu, hortaz, Furba eta Chhepalen zain gaude. Bitartean, hagaxka bat hautsi egin da eta 7.950 metrotara, Everesteko Hego-Lepoan, 50 bat denda baino gehiago egon daitezke!!

Eta harantz noa ni, txutxu-mutxuka hagaxka baten bila, eta hara non denda batera noa, eta, bat-batean, barruan hildako bat!! Joder!! Baldintza hauetan gauza asko pasatzen zaizkigu burutik, eta horietako bat, guk ere horrela bukatu dezakegula da.

Bigarren denda muntatzeko saiakera bat egiten dugu seion artean, eta ezinezkoa egiten zaigu. Inoiz ez zait horrelakorik gertatu: seion artean ezin muntatzea denda ziztrin bat, ikaragarria!!

Harri batzuk botatzen ditugu gainean, eta txutxu-mutxuka noa berriz ere. Bertara heltzen geundenean ziri-kartutxoak ikusi ditut eta gure taldeko inork ere ez du o zakurik ekarri, beraz, aparteko gasa! Gutxienez, gailurrera jo aurreko orduak pasatzen lagunduko digu.

Begibistan nuen dendara hurbildu, eta ezin sinistu, beste hildako bat!!! Ez dakit nortzuk diren, baina hemendik besarkada handi bat bidaltzen diet euren familia eta lagunei!

Ziri-kartxutxoak utzi eta denda muntatzen saiatzen gara berriz ere, baina ezinezkoa dela onartzea besterik ez zaigu gelditzen. Denekin hitz egin, material guztia utzi eta beherantz jotzea erabakitzen dugu.

vistas desde c3

Norburekin hitz egin eta beherantz laguntzeko esaten diot, ez dudala ezer sentitzen, gainontzekoek jarraituko gaituztela. Beste denak oxigenoarekin doaz-eta. 17:30ak dira, alde egiten dugu ala hemen geldituko gara betiko.

Walkiea eskatu eta konturatu orduko bat pasatzen didate. Behe Kanpalekuarekin hitz egiten dut, eta eguraldiak okerrera egingo duela baieztatzen digute, eta hemendik ahalik eta arinen jaitsi behar garela ohartzen digute.

Baina ez dut aurrera egiten; neure taldearen arduraz jabetzen naiz, eta hona heltzeko arren eskatu diedan moduan, euren bizitzak arriskuan jarri arren, orain eurak zaintzea tokatzen zait, eta azkena jaitsi arte ez naizela jaitsiko argi daukat. Zaila da kalkulatzea baina haizeak etengabe jotzen du, eta gutxienez, 80 km/ordukoa izango da.

Zaila egiten zait pentsatzea nola izan garen gai momento hauek gainditzeko. Rapelatzen hasten gara eta bat eginda goaz denok. Altuera galtzen gozela nabaritzen dut, baina ez ditut sudurra eta eskuak sentitzen, eta hankak are gutxiago!

Laugarren Kanpalekura iritsi eta han berotuko nituela uste nuen, baina Hirugarren Kanpalekura egin beharreko aparteko jaitsiera oso zaila egingo zaigu! Zinta horiak igaro eta 8 rapel dira Hirugarren Kanpalekura; gauez iristen gara eta ezin negarrik egin ere daukadan minarekin…

Gaua Hirugarren Kanpalekuan igarotzea erabakitzen dugu. Neure lo zakua eta estera eskaintzen diet norbaitek bertan lo egin nahi baldin badu. Azkenean, Norbu, Chhepal eta neu guztiarekin sartzen gara dendan (kranpoiak, …).

Elur apur bat urtzen dugu, bakoitzak pare bat trago ematen dizkiogu eta lo zakuan sartzen gara berriz ere, traste guztiekin. Bigarren gaua lorik egin gabe: min eta hotzarekin eramanezinak dira.

Alex y Nurbu en el C3 7

Printzipioz, gaur, eguzkiaren abiatu nahi genuen; gehiago sufritzeari uko! Norbu 07:00etan jaiki da eta beherantz jo dezagun eskatzen digu, denda ez baitago batere ondo. Gau luze eta gogorra izan da, benetan. Burua motibatu eta azken esfortsuari  ekitea erabakitzen dugu.

Botak jazteko unea, ametsgaizto itzela izan da, baina 10 minututan prest nintzen jada eta jaisten lehena izan naiz, Chhepal eta Norburi bidea eginez.

Lau rapel egin eta gorantz begiratzen dut. Chhepali bertikalean sartzekotan dela ikusten dut, eta norbu oraindik Hirugarren Kanpalekutik nahiko hurbil dagoela. Haizeak ez du etenik egiten, gau osoa egon da astintzen, eta orain ere, ez digu bakean uzten. Hotz handia egiten du; handia, benetan!

Eskuak zeharo gogortuta ditut. Eskularruekin rapelatzen noa, ezin dut besterik egin; zatikapen batean nago, eskularruekin segurtasunezko mosketoi bati heltzeko ahaleginetan, kolpekari bat krokatuta gelditu da…

Zerbait astintzen nau: Alex zerbait gertatzen ari da! Ez dut aurrekorik ere ikusten. Segurtasunezko mosketoia sokatik helduta egotea soilik kezkatzen nau, baina, bat-batean, beherantz jausten noa, gero eta arinago. Maldan behera noa, eta sekulako kolpea jasoko dut! Ez badut mosketoia heldu, hil egingo naiz, eta heldu baldin badut, zatiketa honetan jausi ostean geldituko naiz, gutxienez, 100 metrotara! Hori bakarrik eta hori guztia!!

100 metro hauetan, amildegia hiru alditan ukitzen dudala uste dut. Jausten noan heinean, abiadura handiagoa hartzen dut, eta azkenean, zorionez, eta mirari gisa, bat-batean, gelditu egiten naiz. Ezin dut arnasik hartu, oso agobiatuta nago, ia ez dut airerik sentitzen.

Beldurrak bere gain hartzen nau, minutu baino gehiago daramat airerik hartu gabe, eta zorionez, azkenean, arnasa hartzen hasten naiz. Baina elur-jausia gogor datos eta milaka harri hasi dira jausten.

Zeharka begiratzen dut gorantz eta estu ikusten dut Chhepal; Norbuk zorte gehiago izan du, ez zaio ezer ere jausi; eta neu bailaran behera begira ikusten naiz, milaka harrik astintzen nauten bitartean, heriotzaren zain.

Muturrean, ezin dut ezer gehiago egin…. Hamar minututara ez da harri gehiago jausten; gorantz begiratzen dut, eta nola demontre liteke bizirik egotea galdetzen diot neure buruari!!

Indar gutxirekin jada… eskularruekin rapelatzen hasten naiz berriz ere, ahal dudan arinen, Norbu eta Chhepalek jarraitzen naute, Behe Kanpalekuan egiten dugu topo. Chhepalek zaurituta dago, buruan ebakia du.

Bihar Kathmandura eramango dute.

Kriston zortea izan dugu! Nolako beldurra pasatu dugun! Jausten nengoen unea gogoratzen dudan bitartean, sekulako hotzikara sentitzen dut gorputzean, oraindik ez dakit nola ez dudan hazurrik apurtu, bat-batean, gelditu naizenean.

Gorputzaren atal guztietan dut mina; espero biharkoa egun hobea izatea. Chhepali laguntzen diogu.

 

C1ra iristen gara eta Behe Kanpalekurantz jotzen dugu. Haizeak gogor jotzen du, tentuz goaz denok, baina irribarre batekin, Khumbuko izotz-jausia ahalik eta ondoen gurutzatzea pentsatzen. Nahikoa izan dugu gaurkoz. Egun gogorrak izan dira, eta larregi estutu dugu.

CASCADA KHUMBU

Izotz-jausian barrena abiatzen gara. Ia indarrik gabe goaz aurrera, baina lasai. Serack eta tarte konplikatu bakoitzari, ondo eusteko eta ezustekorik ez emateko eskatzen diet arren!! Biltegira heltzean, hara non ikusten ditudan Aitor eta Pablo.

Otsailaren 10ean Behe Kanpalekutik atera nintzenetik irrikatu dudan une iritsi da, eta sufritutako eta bizitakoaren ostean, orain bai esan dezaket bizitzara itzuli naizela.

Taldea jota dago. Carlos galdu genuen, gero Lakpa, orain Chhepal… bost bakarrik gelditzen gara, baina indartsu sentitzen zait, berriz ere saiatzeko gogoarekin. Ikustear da egunotan zer erabakitzen dugun.

Sare sozialak

Facebook: https://www.facebook.com/alex.txikon.5/

Twitter: https://twitter.com/alextxikon?lang=es

Instagram: https://www.instagram.com/alextxikon/

Alex

;)

       

Berriak

 
KRONIKA | Gero arte, Everest!
Adiorik ez, gero arte baizik. Everestek ez du berau limurtzeko aukerarik eman, ez digu bere bihotza eskura utzi nahi izan, baina inolako zalantzarik gabe, berak nere bihotzaren zati handi bat lapurtu dit. Abenduaren 25ean etxetik atera ginen une beretik, zerutik banatzen gaituzten 8848 metro horietara heltzearekin egin dut amets, baina, zinez, berekoikeriak ez du tokirik
AX | Bizitza ezustez beteta dago!
Bizitza ezustez beteta dago! Une batez gelditu eta neure bizitzako esperientziarik gogor eta politena bizitzen ari naizela konturatu… eta bat-batean, are eta politagoa izan ahal dela konturatu. Eredu eta inspirazio dudan Reinhold Messner italiarra (Bozen-Hego Tirol, 1944) Behe Kanpalekura hurbildu baita ustekabean, geu agurtzeko eta munduko gailurra negu partean eta oxigeno artifizliak erabili gabe igotzeko