Alex Txikon 1981eko abenduaren 12an jaio zen Lemoan (Bizkaia), familia apal eta oso ugari baten baitan (13 neba-arrebatan gazteena da). Hiru urte zituela Gorbeia mendi tontorrera igo zen; geroago, Ganzabal Mendi Taldearen baitan, lehenengo irteerak egin zituen Pirinioetara, Picos de Europara eta Alpeetara; 17 urterekin Pamir mendikatera bidaiatu zuen; eta 21 urte bete berri zituela bere lehenengo ‘zortzimilakoa’ igo zuen: Broad Peak (8.051m), Pakistanen, Karakorum mendikatean.

Orduz geroztik, 30 bat espediziotan hartu du parte eta, besteak beste, munduko 14 gailur garaienetako 12 zapaldu ditu. 2005 eta 2010 urte bitartean ‘Al filo de lo Imposible’ telebista saiorako altuerako kameralari gisa eta Edurne Pasabanen ’14 x 8.000’ proiektuaren baitan ere lanean aritu ostean, Alex Txikonek amaitutzat eman zuen fase bat. Hala, Pasabanekin Everestera itzultzeko gonbitea alboratuta, abentura berrietan eta, batez ere, alpinismoa egiteko forma berrietan murgiltzeko hautua egin zuen. 16 urte zituenez geroztik bere ogibide izandako igeltseritza utzi eta aurrerantzean mendiari helduko zion bete-betean.

Hala, azken urte hauek beharbada ez dira Txikonen ibilbidean arrakastatsuenak izan tontorrei dagokionez, baina bai aberasgarrienak eta alpinistikoki baliogarrienak. Ipar paretak, bide berriak, alpetar estiloa, hormatzarrak eta, batez ere, neguko espedizioak dira bere apustua.

Alpinista ez ezik, aizkolaria eta BASE jauzilaria ere bada Txikon; kirol eskaladan ere aritzen da baina, guztiaren gainetik, abenturazale nekaezintzat du bere burua; esploratzea maite du, bidaiatzea, jende ezberdina ezagutzea… edozein espedizioren ezinbesteko osagaitzat du hori guztia, kirol erronka ororen osagarri.